bannerra 1

bannerra 1
Lauaizeta BHI etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Lauaizeta BHI etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/06/04

PILOTA IBILTARIA.


5. lanaren ordua iritsi da. Hautazkoaren izena IRUDIMENA da. Irudimena erabiliko dugu pilota batek egingo duen ibilbidea bideoan grabatzeko. Pilota hau saltoka eta errodatzen joango da batetik bestera, etxe barruan zein kanpoan, naturalki aurki dezakegun zirkuitu batean (gauzak hor daude) edo guk sortutakoa (gauzak guk jarri edo lekuz aldatu ditugu). Ez da etenik gabeko bideo grabaketa izan behar derrigorrez, hau da, nahi duguna egin dezakegu, bideoan “saltoak” egon daitezke. Adibidez, pilota sartu daiteke nonbaiten eta atera EDOZEIN lekutik, balkoitik erori daiteke pilota eta ondorengo bideoan guk nahi dugun lekuan erori...

2020/05/25

ARGAZKIA KOLORE BATEAN. MONOKROMATISMOA.


Argazki bat kolore batean atera behar duzu. Hautatu zirkulu kromatikotik gustukoa duzun kolore bat. Atera argazki bat kolore hau nagusi dena. Kolorea argitu ala ilundu daiteke.


2020/05/11

IKUSPUNTUAK ETA PLANO MOTAK ZINEMAN.

Hemen dituzue WIKIPEDIA-n zinema eta argazkigintzarako ikuspuntu eta planoen sailkapena. Hauetatik 5 hautatu eta 5 argazki atera behar dituzue mugikorrarekin edo etxean duzuen kamerarekin. Ondoren, sailkatu eta bidali argazki bakoitza bere izenarekin(ZEIN PLANO MOTA DEN) eta ondoan zuena dela demostratzen duen beste argazki batekin (selfie edo...).

2020/04/27

ERRITMOA KONPOSIZIOAN



Erritmoak konposizioan zer garrantzi har dezakeen landuko dugu. Etxean gaude eta balkoitik inoiz baino gehiago begiratzen ari gara. Nola ez ordenagailuko leihotik. Konposizioko elementu batek errepikatzen denean erritmoa sortzen du. Erritmo hau hainbat modukoa izango da: protagonismo handia izango duena, hainbat neurriko errepikapenak, 2 edo 3 elementu ezberdinen errepikapenak etab.


Gure lana 2 argazki eta marrazki 1 egitea izango da. Etxean atera daitezke argazkiak mugikorrarekin edo baimendutako irteeretan kalean. HELBURUA argazki eta marrazki adierazgarriak egitea da, zuen gustukoak direnak, “artistikoak”, zerbait transmititzen dutenak ez badakigu ere zer den...eta ERRITMOA dutenak, konposizioko elementuren bat errepikatzen delako.

Hemen dituzue 3 adibide ERRITMOA ulertzeko; lehenengoan, eraikinetan gertatu ohi den moduan leihoak eta forma ugari errepikatzen dira; bestetik, leiho isolatu honetan, pertsianaren marrak errepikatzen dira; eta azkenik, azken irudi honetan zutabeen arteko espazioak errepikatzen dira irudiari aberastasuna emateko. Ados?

2020/04/24

HONDARREKIN MARRAZTEN.


Nork ez du inoiz ketchuparekin 2 begi eta irribarre bat marraztu? Etxean jarraitzen dugun honetan etxeko gauzekin jarraituko dugu plastika garatzen. Kasu honetan marrazki bat egingo dugu. Nola? Gosariarekin mahai gainean geratu ohi diren arrastoekin, kakao hautsarekin, azukrearekin, zerealekin...Bazkarian jandako pureak utzitako hondarrekin egin dezaket marrazki bat platerean? Edo solomo, patata eta tomatearekin jan ondorengo hondarrekin? Interneten badituzue ideiak bilatzeko aukera; adibidez, goi mailako sukaldaritza deituriko platerrak. Piztu irudimena, marraztu platerrean, prest mugikorra eta  argazki bat bidali!


2020/03/22

3D TESTURAK ANIMATZEN 3. BLENDER TEXTURE PAINTING


3D egiteko aukera pare gabea daukagu gaur egun BLENDER 2.8 software librearekin. 3D objektua sortu eta unean pantailan testura 3D eremuan pintatzea harrigarria da. Gainera, erliebea sortu dezakegu eta argazkigintza digitala moduko irudi errealistak asmatu edo errealitateko gauzak simulatu.

Eskola etxetik egiten ari garen honetan #Blender software librearekin egin daitezkeen gauza harrigarriak erakusteko parada ezin hobea daukagu. Blender,  komunitateak eusten du. Eta software ahaltsua bihurtzen ari denez une oro, komunitateak softwarea erabiltzeko modu erosoa dauka, libre, eskuragarri: www.blender.org

Gaur egun, Blenderren prestigioa mundiala da. Enpresa handiek diru laguntza handiak ematen ari zaizkie. Hutsetik hasi gaitezke ikasten hainbat hizkuntzetan youtube eta horrelakoetan. Ikasketa guztiak bezala, gogoa eta denbora behar dira inbertitu.

2020/03/21

3D TESTURAK ANIMATZEN 2. BLENDER ETA PBR IRUDIAK.



Physically based rendering (PBR) sistema 3D munduan errealismo handiko testura lortzeko modu egokiena da. Edozein HD (high definition) irudi PBR moduan bada, hainbat iruditan deskonposa daiteke: objektuaren testura nagusia (egurra, harria, zeramika, belarra, landarea. etab.), normal (erliebe itxura gehituko diona), roughness (zimurdura), etab.

Blender software libreak PBR erabiltzea ahalbideratzen du. EEVEE motorra erabilita objektuen testura itxura, argia eta itzala une berean ikus ditzakegu. Displace eraldatzailea erabiliko dugu testuraren erliebea areagotzeko eta eraldatzailearen eragina alda daitekeenez, animazioa horrela sortuko dugu.

2020/03/20

3D TESTURAK ANIMATZEN 1. BLENDER 2.82.


Eskola etxetik egiten ari garen honetan #Blender software librearekin egin daitezkeen gauza harrigarriak erakusteko parada ezin hobea daukagu. Blender,  komunitateak eusten du. Eta software ahaltsua bihurtzen ari denez une oro, komunitateak softwarea erabiltzeko modu erosoa dauka, libre, eskuragarri: www.blender.org

Gaur egun, Blenderren prestigioa mundiala da. Enpresa handiek diru laguntza handiak ematen ari zaizkie. Hutsetik hasi gaitezke ikasten hainbat hizkuntzetan youtube eta horrelakoetan. Ikasketa guztiak bezala, gogoa eta denbora behar dira inbertitu.


Nahi duenarentzat hemen daukazue 4 minutuko bideo tutoriala testuraren forma eta kolorea animatzeko. Aurki beste 2 bideo publikatuko ditut, testuraren konplexutasuna areagotuta.

2019/06/26

IPRENTSA. 24. ALEA SAREAN DA!



Lauaizeta ikastetxeak 8 urte darama IPRENTSA aldizkari digitala ekoizten.
Ikastetxean egindako proiektuak, bizitako pasadizo eta uneak islatzen
dituen eremua da aldizkari hau. Kazetaritzako atalak jorratzen ditu eta
horretan laguntzeko iprentsa hautazkoak lan asko egiten du. Beste mintegi
guztietatik egindakoak publikatzen dira: ariketak, hausnarketak, iritziak,
proiektuak, ekitaldiak, eta abar. Bitartez, sarean dabilenak,interesa duenak,
bisita dezake euskaraz egindako Lauaizetako aldizkari digitala. Hiruhilero
egiten dugu. 2012an sortu genuen, denon artean, 0 zenbakia. Azken hau
24 zenbakia da, 25. alea. Oporrak ondo pasa!

2019/02/19

KLIKA KORRIKA 2019 MURALA LAUAIZETAN





KORRIKA BADATOR! Inauteriak prestatzen ari gara baina KORRIKA 2019 proiektua martxan jarri behar dugu. Beste gauzen artean ikastetxeko patioan mural handia egingo dugu KLIKA bideoa oinarri hartuta. Bideoan lantzen den gaia oso interesgarria iruditu zaigu: mestizajea, genero gaiaren protagonismoa, kultura eta musika berriak, askatasunaren ideia...



Ikusizkoen hezkuntza eta plastikaren aldetik murala egiteko metodologia irudia sintetizatu eta txantiloia erabiltzea izango da. Hori lortzeko, KLIKA bideoko protagonistak hartu eta formato handian kopiatuko ditugu paperean, kolorestatzeko zulatu eta, azkenik, pintura botatzeko tramankuluarekin murala osatuko dugu. Azken konposizioan pertsonai nagusiak elkarrekin izango dira murala osatuz.


  • KLIKA bideoa ikusi eta talde txikietan pertsonaia aukeratu. Irudi kaptura egin eta GIMP programarekin koloretan sakabanatu.
  • Proiektatu eta formato handian kalkatu paperean, 4 koloretan, 4 marrazki.
  • 4 paperak zulatu marrazkiaren arabera.
  • Paretean pintura bota tramankuluarekin marrazkia osatuz.

2018/12/18

METRAJE LABURREKO FILMAK: IZKUTUAN DAGOEN ALTXORRA


Metraje laburreko filma egin nahi badugu, abantaila handi bat izango dugu metraje luzeko filmarekiko: ekonomia. Bai gidoia egiterakoan, denbora kopuruan eta diru kopuruan. Diru gutxiago behar izatean, edo lan talde txikiagoa behar izatean egitasmoa burutzeko, zinema munduan hasten diren sortzaileak, gazteak orokorrean, metraje laburreko filmak sortzen dituzte hastapenetan. Gazteak, diru gutxi...zer dakar horrek? Irudimen asko eta askatasun asko proiektuak aurrera ateratzeko. Auto edizioa eta mundu digitalaren unibertsalizazioarekin (nahi izanez gero, 4K erresoluzio eta pazientzia handiarekin, etxeko ordenagailuan edita daiteke metraje laburreko filma), interneteko bideo plataformetan aurki daitezke film on ugari. Zinemetan, ia beti, Estatu Batuetako produkzio erraldoiak besterik ez dira ikusten. Mugitzen bagara, ordea, aurki ditzakegu harri bitxiak, nahi adina, interneteko itsaso zabalean.

Oraingo honetan, bi film ikusiko ditugu eta gustuko 2 eszena marraztuko ditugu, gure erara, gauzak kendu eta jarriz. Helburua hauxe da: 2 filmak ikusi ondo pasatzeko eta 2 marrazki egin ondo pasatzeko ere. Orduan, ordenagailuak hartu eta paperean marraztu.



ARTE ABSTRAKTUA ULERTZEN.



Piet Mondrian arte munduan garrantzitsua da. Neoplastizismoaren sortzaile, arte abstaktua eta arte garaikidearen aitzindaritako bat da.

Arte abstraktua ulertzeko ariketa egingo dugu:


  1.  1ARIKETA.Google iruditan sartu eta 6 irudi lortu, Mondrianenak denak, zuhaitzetik hasi eta abstrakziora iritsi arte. Zuhaitzaren itxura galtzen doa pixkanaka, pausoz pauso, eta geometria hutsean amaituko du.
  2. Zenbatu 1etik 6ra. 1 zuhaitza izanik eta 6 geometria hutsa.
  3. Posta elektronikoz bidali 00mikel helbidera.
  4. 2ARIKETA.Hiru arte lan abstraktu eta ospetsu hautatu, Mondrianenak ez direnak eta postaz bidali ere.
  5. Kalifikazioa. Bidalitako lan bakoitza 3 puntu. Bakoitzak 2 puntu geihago lanaren kalitateari lotuta. 2x3=6; 6+4=10.




2018/09/26

WILLIS DRUMMOND INTXAURRONDOKO KULTUR-ETXEAN, URRIAREN 13AN.



Willis Drummond musika talde euskalduna dator Intxaurrondoko Kultur-etxera kontzertua zuzenenean grabatzera, urriaren 13an. Hori dela eta, Lauaizetako Plastika eta hainbat arlo gehiago lantzen ari gara, Intxaurrondoko kultur-etxeko arduradunekin elkarlanean, eta Ikertzeko Leireren laguntzarekin, Willis Drummond taldearen ekitaldiaren inguruko proiektua. Zorte itzela daukagu Baionako taldea guregana etorriko delako. Aukera eman digute WD taldea gai hartuta zein taldeko partaideekin sortze-prozesuak garatzeko plastika eta ikusizkoen ikuspuntutik. Musika eta euskara arloetara ere zabaldu dugu egitasmoa. Sortze prozesuak garatzen hasi gara. Ikasleak lan taldeak sortu eta ideiak bildu ondoren, hainbat euskarrietara egokitzen hasiak dira, jada. Lehen helburuetako bat ekitaldiari sona ematea izan da, sare sozialetan ekitaldiaren berri eman, eta ahalik eta gehien zabaltzeko. Hashtag bat ere sortu dugu: #Willis Drummond Intxan. Taldeari buruz jakiteko beraien webgunean sartu.





2018/04/11

IKUS-ENTZUNEZKO TAILERRA. EFEKTU BEREZIAK.



Chroma efektua erabiliko dugu, koadro animatuak egiteko. Hasteko, gidoia egingo dugu; jarraian, gaztelu edo jauregiaren bideoa aurkitu eta deskargatuko dugu; hura egindakoan, oihal berdearen gainean geure buruak grabatuko ditugu, koadroan txertatzeko; azkenik, #openshot bideo editorea erabiliko dugu bideoak uztartu eta azken lana burutzeko; nola ez, azken lanari musika, izenburua eta gainerako zehaztasunak erantsiko dizkiogu.

2018/02/27

ARTE GARAIKIDEA ULERTZEN. ERREPRODUKZIOA.


Ikasteko metodo on bat norberak egitea omen da. #Arte garaikidea analizatu eta ulertu bidean, XIV-XX mendeen arteko artea berregiten ari gara. Batetik, tailer barruko erretratu itxurakoak (#Velazquez, #Tiziano, #Goya...); bestetik, abangoardiak ondorengo arte abstraktua (Delaunay, Pollock, Klein...); azkenik, arte kontzeptuala (#Duchamp, #Banksy,..). Arte garaikidearen konplexutasuna argitu nahian, erretratuan eta teknikan oinarritutako arte klasikoa analizatuko dugu, lehenik; argazki kamera (industri iraultza) asmatu baino lehenagokoa. Bai argilunaren teknika klasikoak zein hizkuntza berriak kontrajartzeak lagunduko digu arte abstraktua eta arte kontzeptuala baloratzeko jarrera eraikitzeko. Lanak erreproduzitu ondoren, mahai ingurua burutuko dugu arte garaikidea ulertzeko, gakoak identifikatzeko eta definitzeko. Azken fasean erakusketa jarriko dugu ikastetxean eta Plastikako blog honetan.



2018/01/31

XX. ARTEAREN ANALISIA


#XX. mendeko artea ezagutze bidean, aurreko mendeetako artea analizatzen ari gara lehenik; XIV. mendetik hasi eta #XIX. menderaino. Arte lan ugari hainbeste urteetan, hainbeste herrialde eta hainbat kultura garapen. DBHko 4. #Plastikan, dozenaka arte lan aukeratuta hurbilduko gara arte garaikidearen funtsezko ideiak ezagutzera. Aukeratu arte lanak HEMENDIK.



Lehenengo pausoa arte lan klasikoa hautatu eta kolorea analizatzea izan da. #Inkscape programarekin arte lanaren kolore ñabardura ezberdinak hautatu eta sailkatu ditugu. Irudia internetetik jaitsi eta inportatu dugu programara. Jarraian, laukitxo bat sortu dugu eta 10 izan arte kopiatu eta itsatsi. Objektuak/lerrokatu aginduarekin distantzia berdinera jarri ditugu, txukun lerrokatuta. 3 errenkada izan arte kopiatu eta itsatsi. Azkenik, tanta kontagailua erabilita laukitxo bakoitzean arte laneko koloreak sailkatu ditugu: Lehenengoan, kolore nagusiak; Bigarrengoan, tenperatuaren arabera ordenatu ditugu; Hirugarrengoan, bizitasunaren arabera.



Ondoren, arte lan moderno bat aukeratuko dugu eta kartoiaren gainean, formatu handian, tenperaz pintatu ondoren erreprodukzioa lortuko dugu.

Azkenik, taldeka, bideo formatuan arte lan horien gakoak azalduko ditugu,

2018/01/19

XX. ARTE LAN ANIMATUAK




4 DBH #Plastikan XX.mende hasierako #abangoardiak ikasteko hainbat #arte lan hautatu ditugu eta haiekin #GIF animatuak sortu ditugu. Lanak bukatutakoan HEMEN ikusgai jarriko ditugu. Julen E. eta Julen Tx. Ikasleek bere lana amaitu dute dagoeneko.




2018/01/11

3D ANIMAZIOA. BLENDER. DOMINO EFEKTUA.




#3D animazioa eta #3D espazioa lantzen hasteko “domino efektua” ariketa egingo dugu. #Blender softwarea librea erabiliko dugu. 3D mundu digitala lantzeko programarik ahaltsuenetakoa. Plataforma anitzekoa da. Guk ikastetxean #Ubuntu(Linux) sistema eragilearekin erabiltzen dugu. Nahi duenak Windows eta IOS sistemetan erabil dezake. Dohainik deskargatu eta erabil daiteke. Eremu zabala jorratzen duen mundua izanik, 3D mundua, proiektuaren arabera ikasiko ditugu beharrezko atalak. Jakina, 3D mundua eta animazioan landu daitezkeen gaiak bukaezinak gerta daitezke: 3D espazioa eta geometria, 3D objektuen diseinua, mugimendua eta zinematika(fisika), efektu bereziak, koloreak eta testurak, argiztapena, soinu efektuak, edizio eta konposizioa, zinemaren berariazko hizkuntza, adierazpena, interakzioa, eta abar. Bideo tutoriala jarrai dezakezue ariketa egiteko lagungarri gisa.  

2017/10/08

ARTE GARAIKIDEA ULERTZEKO GAKOAK: MARCEL DUCHAMP



1904. urtean #Marcel Duchamp Parisera joan zen bizitzera, 17 urte zituela. Industri-iraultzaren ondorengo urteak ziren; batetik, sortu berriak ziren argazki makina, autoa, zinema, X izpiak…; bestetik, arte joera berriak: Picasso, Braque, Mondrian, Kandinsky… Lehen Mundu Gerra bitarteko etengabeko garai aldakorra eta eferbeszentea zen; Futurismoa, lehenengo Arte mugimendua sortu zen; Kubismoa, surrealismoa eta dadaismoa etorri ziren gero, besteak beste. Montmartre auzoan bizi  zen Duchamp, bizitza bohemioa eginez, artista eta poetaz inguratua. Anai-arrebak artistak ziren ere, eta familian dirua soberan zutenez, artista izateko saiakera egitea lortu zuen.

1915. urtean Duchamp New Yorkera joan zen bizitzera, gerratik ihesi. Estatu Batuetan artezale dirudunen babesa jaso eta artelanak sortzen jarraitu ahal izan zuen. Parisen eta New Yorken sortutako polemikagatik, bere lanak oihartzuna zuen Ameriketan; mugimenduaren prozesua analizatuz eginiko lanarekin,  “Biluzia eskailerak jaisten”. Munduko Gerra hasita zegoen eta Europan Gerraren aurkako mugimendu artistiko nihilista sortu zen: Dadaismoa. Ordurako polemika gutxi izan ez balitz, Duchampek New Yorkeko Arte garaikideko erakusketa erraldoi batean pixa egiteko komun bat aurkeztu zuen, objektu artistiko gisa; eskandalua itzela izanik, Arte kontzeptualaren sorrera izan zen, Arte Modernoaren aitzindaria, Arte Garaikidean eragin gehien izan duen artistaren aurkezpena. #Ready-Made deitu zien testuingurutik kanpo arte-objektu bihurtutako objektuei. Duchampentzat artistaren eskuek ez zuten garrantzirik; bai ordea, artistaren erabakiek. Hausnarketa artistikoa, kritikoa, ironikoa eta umoretsua izan ziren bere artelanetan funtsezkoak.

1919. urtean, gerra amaitu ondoren Parisera itzuli, eta mugimendu dadaistan nabarmendu zen. Horrela, ba, Da Vinciren Giocondaren erreplika hartu, bibotea pintatu eta hizki batzuk jarrita artelan moduan aurkeztu zuen; polemika, berriz; inizialek esanahia zuten, “honek ipurdia bero du”, hain zuzen ere. Artelanetan hitzak eta umorea sartzen bazituen ere, hausnarketa sakoneko Artea jorratu zuen, aurreko Arte irizpide eta sistema hankaz gora jarriz, gaur egun arte bere lanek eta pentsamenduek indar handia mantentzen dutelarik, 100 urte igarota ere. Zalaparta handia sortu zuen Giocondaren lan horrek. Urte honetan ere, Ameriketatik deitu zioten artelan berriak eskatuz, ikusmin handia baitzegoen Duchampen inguruan. Kristalezko anpoila huts bat aurkeztu zuen New Yorken, “Pariseko airea” deiturikoa, Arte kontzeptualaren lanik ospetsuenetakoa. Duchampen fama eta prestigioa punta-puntakoa zen, Artezaleen artean.


1920. urtean garaiko mugimendu feministako “garçonne” itxurarekin, emakumez jantzi zen Duchamp. Argazkiak atera, eta pertsonai berria sortu zuen: Rrose selavy. Hainbat aldizkaritan azaldu zen; polemika, nola ez. Arte akzioa sortu zuen, artelanaren euskarri norberaren gorputza izanik. Man Ray eta Francis Picabia artistekin batera, sortze lanetan jardun zuen. 1925. urtean optika eta mugimenduaren inguruko lanak egin zituen, animazio analitikoak barne; horietako bat, 7 minutuko zinema grabazioa forma mugikorrekin.“Beira handia” izeneko lana bukatutzat eman zuen garai hauetan, urte askotako lanaren ondoren. Hori zela eta, Artea utziko zuela zabaldu zen.

1934 arte xake jokalari moduan aritu zen. Hortik aurrera, Arte lanekin ez zen nabarmenduko. Bigarren Munduko Gerra ondoren Arte gunea New York izan zen, Parisen ordez. Duchamp amerikarra egin zen. Modu diskretuan bizi izan zen, xakera jokatzen, zerbait idazten, hitzaldiak han-hemenka emanez, bere lanen atzera begirakoak eginez…

1968. urtean Frantzian hil zen Marcel Duchamp, XX. mendeko artistarik garrantzitsuenetakoa.




2017/06/20

GERNIKA 1937-2017. MURALA IKASTETXEAN.



Gernika indar faxistek bonbardatu zutela 80 urte pasa diren honetan, hainbat ekitaldi sortu izan dira han hemenka. Gure ikastetxean ere. Gernikako irakasle bat gurekin dugunez aurten, gertutik bizitzeko aukera izan dugu Gernikako gaia. Proposatu digute Plastikakoei zerbait egitea horren inguruan eta ikastetxeko horman Picassoren Gernikaren murala egitea otu zaigu. Maila guztietako ikasleek hartu dute parte murala egiten. Falta den zatia Gernika ekitaldian bukatuko da, zuzeneko musikarekin (ikasleek musikatua), ekainak 21ean, arratsaldeko 6retan.
Prozesua ikusteko klikatu QR irudian.
https://photos.google.com/album/AF1QipMQy3jbRSVY_ICwEfTxpIWMW-yV6TErhDBWFCTV