bannerra 1

bannerra 1

2023/06/13

MIKROARIKETAK. PROIEKTUEN ARTEKO SORMEN ESPAZIOAK.





Plastika arloan DBHn zer eta nola eman urteroko kontua bihur daiteke. Aspaldian proiektuka lan egiten dugu eta proiektuen osagarri gisa mikroariketak ere egiten ditugu. Sarean edo kalean gerta daitekeen hainbat kultura ekitaldi ekartzen ditugu gurera: herrietan gertatutakoak, zinematan, prentsan, liburu merkatuan, streaming eremuetan, sarean oro har...

Plastikan proiektuetatik kanpo ari garenean ondo pasatzeko, erlaxatzeko eta gehiago ikasteko honakoak egiten ditugu: auzora irten eta ikusten ari garena marraztu perspektiba lantzeko, testura, argia ere; mugikorrarekin argazkiak ateratzera irten kalera, plano motak, adierazpena...; eraikin publikoak edo hiriko bazterrak bisitatu, museoak edo Tabakalera modukoak; film laburrak ikusi; mahai inguruak egin, solasaldiak sortu...eta, nola ez, marrazkiak egin. Marrazkiak egin, arinak eta konplexuak, figuratiboak eta abstraktuak. Batzuentzat gozamena eta beste batzuentzat sufrikarioa. Bidea ez badugu jartzen, egitura, errezetaren bat, laguntzaileak....zaila du ikasleak aurrera egitea. Baina marrazkia egitea soilik beti da esperientzia bat.
Marraztea, digitalki, arkatzarekin, boliarekin zein tinta txinatarrarekin batzuentzat beti da gozagarri.
Hemen adibide batzuk..

2023/06/02

ARTELANAK DANTZAN. GIF ANIMATUAK.

Historian zehar izandako arte adierazpenak ezagutzeko #GIF irudiak sortuko ditugu 4DBH Plastikan. Aurtengoan ia denak klasikoak. Artelana aukeratu, apur bat ezagutu, eta animazioa sortuko dugu artelanaren inguruan. #Gimp software libre irudi editorean edo beste aplikazioren batean (capcut,...) egiten dugu; lehenik, animatuko den zatia islatu eta errepikatuko dugu animazioa gauzatzeko; bitartean, fondoan, klonazioa erabilita, animatuko den zatia desagerraraziko dugu; ondoren, geruzak bikoiztu eta lotuko ditugu fondoa eta animazio bikoteak eginda; azkenik, denbora ezarriko diegu ertzeko bi geruzei errepikapen jarraia ez egiteko, eta, gif moduan (animazio gisa) esportatuko dugu.

2023/06/01

HEDATZE 3D DISEINU ETA ANIMAZIOA. BI ADIBIDE.

1dbh-ko ikasle baten lana da hau (Hugo F.). Hogei minutuan eginda. Hedatze 3D Diseinu eta Animaziorako azken lana. Ikasturtean zehar ikasitakoarekin nahi zutena egin zezaketen azken bi saioetan. Dena hutsetik hasi beharrean #Mixamo web gunetik jaitsi du pertsonaia eta animazio bat. Eszenara ekarri eta foku moduko argia jarri dio goitik behera zuzendua. Argiari kolorea eta haren indarra hautatu dio: kasu honetan urdina. Moda oholtza sortu du kubo forma eraldatuta. #software librea erabili dugu: sistema eragilea #LUBERRI LINUX, #Linux Mint, #Ubuntu eta 3D programa #Blender 3.5.

Aurten lan ugari egin ditugu baina elkarrekin loturarik ez izatean ez ditugu proiektu batean bildu. Mikro-ariketak izan dira. Hoteletako self-service modukoak, denetarik apur bat probatu dugu 3D mundu zabal eta zirraragarrian.

Potentzial handia du bide honek, deskargatu osagaiak eta eszenaren diseinuan jarri indarra. Hortik abiatuta animazioa eraldatu daiteke Rigging animazioan sakonduta. Hezurren egitura pertsonaiari egokituko zaio eta hau, denborarekiko mugimenduen arabera, guk nahi dugun moduan anima dezakegu. Lan horri #rigging deritzo. Animazioaren intentsitatea neurtzeko, erpinen pisua egokitu beharko litzateke. 

Hemen duzue 1DBH-ko Paul C-ren lanaren bozeto bat.