bannerra 1

bannerra 1

2023/12/26

2024RAKO SOFTWARE LIBREA OPARI!

 

Librezale.eus jendeari esker gauza asko ikasi daitezke software libreari buruz. Software librea euskaratzen ere laguntzen dute. Txalotzekoa bere lana. 


Hemen dituzue eskuragarri Plastika eta Ikusizkoen Hezkuntzan oso onak diren software libreko hainbat programa. Saretik deskargatu eta erabili minutu batean.



Sistema eragileak: adibidez #Ubuntu 23.10.

3D diseinu eta animazioa: #Blender 4.0.

Diseinu digital bektoriala: #Inkscape 1.3.

Irudi digital editorea: #Gimp 2.10 .

Ilustrazio digitala: #Krita 5.

Bideo edizioa: #Openshot, #Shotcut, #Kadenlive...

2023/12/22

SANTO TOMASETAN TXORIMALO LEHIAKETAN 3. SARIA LORTU DUGU!


 

Aurkezteagatik dieta eskuratua geneukalarik, txorimaloa egiteko materialarentzat dirua eta sobratu ezkero hamaiketakorako balioko ligukeen dirua, buru belarri aritu gara bi txorimalo egiten bi taldeetan antolatuta Donostian ospatzen den Santo Tomas eguneko Txorimalo Lehiaketarako.

Donatelloren eskultura abiapuntu hartuta Plastikako proiektua izaten da txorimaloa egitea, lehen txistorra-postuaren diseinua izaten zen moduan. Prozesu dena hemen azaldu gabe, 3. saria lortu dugunaren berri eman nahi dizuegu. Sariaren dirua, elkartasun ariketa eginez, 4dbh osoarekin partekatuko dugu ikas-bidaiaren diru-poltsara botata.

Ah, eta zorionak irabazleari, Intxaurrondo Ikastolari!!



2023/12/13

ABSTRAKZIOA.

 

#Abstrakzioa lantzen ari gara jolasean digitalki. Inauterietarako lantzen ditugu pertsonaiak. Baita ere istorioak kontatzerakoan lantzen eta bilatzen ditugu pertsonaiak. Asmakizunetan jolasteko pertsonaiak aukeratu ditugu eta saretik deskargatu ditugu. Ondoren, software librea den irudien ediziorako #Gimp programarekin irudi abstraktuetan bilakatu ditugu. Horretarako 2 minutu behar izan ditugu: iragazkietan #artistikoan sartu eta bertan #kubismoa aukeratu gustuko irudia lortu arte. Emaitzak #1DBH -ko irudi bilduma honetara jo goiko irudian klikatuta.

2023/12/12

MIKOLOGIA ERAKUSKETA PLASTIKATIK.

 Maite ditut maite gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkidanean (Mikel Laboaren abestia). Ezkutuan gordetzen diren bazterretan aurki daiteke, non nahi, gure kulturan sustraituta dagoen perretxiko bilketa. 3DBH-n zerrendatu ditugu euskarazko izenekin bai jangarriak direnak eta baita ere toxikoak diren perretxikoak. Marraztu eta ondoren buztinez egin ditugu, koloreztatu, etiketatu eta erakusketa osatu dugu ikastetxeko sarrera gunean.


2023/12/02

ETXERAKO LANA: 2 ARGAZKI MUGIKORRAREKIN.

 

Pexels.com webgunetik dohainik deskargatu dira goiko bi irudiak. Adibideak dira. Bi argazki hauetan bi gai lantzen dira. Batean kolore beroa eta bestean gardentasuna. Mugikorrarekin ohituta gaude sarritan argazkiak egitera. Erabiltzen ditugun mugikorrek teknologia aurreratua dute eta erresoluzio handiko irudiak egiten dituzte.Ariketa honako hau izango da: Bi gai hauekin (kolore beroak eta gardentasuna) bi argazki egin etxetik atera gabe eta postaz bidali.

2023/11/27

KOLOREA PLASTIKA ETA IKUSIZKOEN HEZKUNTZAN 1: #INKSCAPE (SOFTWARE LIBREA).

 


Kolorea beti dago Plastikako edozein lanetan: bideotan, eduki digitaletan, akuarelatan, koloretako marrazkietan, tenperatan, muraletan, ikas-bidaiko elastikoetan, eta zuribeltzeko lanetan bere faltagatik ere present dagoela dirudi.

Filmetako titulu-kredituetan begiratuko dugu filmeko kolorearekin txundituta geratu garen aldiro. Argazkia jartzen duen horretan dago kolore, giro, testura eta argiaren arduradun nagusietako bat. Artearen historia landuko bagenu, kolorearen trataera izango litzateke analizatuko dugun ataletako bat, beste batzuekin batera.

Kolorea kontuan izango dugu hurrengo lanean. Gaia: gosaria. Marraztu baino lehen kolorearen teoria ikasteko jolasten ibiliko gara fitxategi digitalekin. #Inkscape software libreko programa honekin edozer diseina daiteke eremu bektorialean: diseinu grafikoko edozer.

Honako irudian klikatu eta fitxategia (.SVG) deskarga dezakezu eta laukitxoak koloreekin bete. Betetzeko moduak erabaki behar dira: adbidez, irudietako koloreak, argitik ilunera, kolore baten argitasunaren arabera, koloreak saturazioaren arabera, koloreak tenperaturaren arabera, armoniak ala kontrasteak...

Behin deskargatzen duzunean Inkscaperekin ireki eta irudi handiak ordezka ditzakezu koloreekin lanean eta jolasean jarduteko. Ezabatu irudiak eta berriak inportatu zure karpetetatik. Neurria egokitu eta kitto.


2023/11/25

IKUS.ENTZUN: GIF ANIMATUAK ETA 3D DISEINU DIGITALA.

Ikus-entzunezko hautazkoan ia ikasle guztiak maila aparta ematen ari dira, lan kopuru eta jarreran. Gif animatuak egin ditugu udazkeneko hostoekin jolasean. Gero 3D diseinuan aritu gara eta 3D perretxikoak egin ditugu baina emaitzak ez ditugu publikatuko ez bait ditugu guztiz bukatu. 3D moduko txarroak publikatzeko moduan hemen dituzue ikusgai.



ESZENAKO PERTSONAIAK.

Komiki orrialde batean binetak antolatzea funtsezkoa da istorioak kontatzeko. Bineten tamainak eta kokapenak enfasia sor dezake, irakurlearen begia gidatu eta kontakizunaren erritmoa kontrolatu. Komikia zatitzen badugu planoz plano, binetaz bineta, ikusiko dugu istorio osoa.

4DBHko plastikan honako prozesua garatu dugu: lehenik eta behin, pertsonai baten erretratua pintatu dugu tenpera teknikarekin kartoiaren gainean, olioa izango balitz bezala mihisearen gainean. Kolorea eta argia landuz pertsonaiaren izaera eta itxura bilatu dugu; jarraian, pertsonaien mugimenduak eta adierazpenak lantzeko, zinema, bideo-joko eta telesail munduko eszena bat hartu eta kalkatuz marrazkiz osatutako animazioa egin dugu; eta azkenik, Donostiako sutea gai izanda (1813) ikasleak kartela egin du, sormena tarteko, pertsonaia, hausnarketa, adierazpena eta eszena lotzeko.

Lehenengo marrazkiak errotuz egin genituen eta A4 orri zurian. Bigarren lana luzeago eta koloretan, tenpera kartoi gainean ,eta, A4 eta A3 neurrien tartekoa izan zen. Hirugarrena #Gif animatua, mugikorrarekin 120 marrazkiri argazki bana atera eta #Gimpera ekarri ondoren gif animatuan bihurtu genituen. Aukeran, ikasleek ahal zuten mugikorrean hau bera egiteko app-ak erabili, #Capcut modukoa, adibidez. Azken lana eta sormen gehien eskatzen zuena, neurri erraldoiko bobinako paper marroian tinta beltzez egina dago. Ikusgai dagoen hau ikastetxeko korridorean jarri dugu itsatsita. Behean dituzuen lanak Gabrielle V. ikaslearenak dira.




2023/11/09

MIKOLOGIA PLASTIKAN


Udazkenari begira perretxikoen munduan murgildu gara eta collage teknika erabilita perretxikoak bilatu, aukeratu eta haien marrazkiak egin ditugu (modu digitalean). Helburua Euskal Herrian aurki daitezkeen perretxikoen bilduma osatzea zen, euskarazko izenekin eta erakusketa egin ikastetxeko sarreran, mikologia erakusketa. Digitalki biltzen hasi gara eta hemen klikatuta ikus daitezke. Oraingoz izenik gabe daude...

2023/10/25

1813. DONOSTIAKO SUTEA ETA SARRASKIA.

 1813. urtean gertatutako sutea eta sarraskia landuko dugu 4DBH Plastikan. Horretarako, marrazki erraldoia sortuko dugu. Marrazkia osatzeko sarean nabigatu eta ereduak bilatuko ditugu. Zuribeltzean izango da marrazkia eta neurria erraldoia korridorean itsasteko. Testua izan behar du, euskaraz noski eta marrazkiaren ulermenerako lagunduko du. Artistikoki askatasunez jardungo du ikasle bakoitzak, serie edo pelikula izango balitz moduan, dramatismo maila libreki aukeratuta, baita ere erabilitako marrazki estiloa, eta zinemako nahi den generoa erabilita: zientzia fikzioa, distopia, underground, naturalismoa, hiperrealismoa, iluna, surrealismoa, far west, far west+sci-fi, bideo joko itxura, historikoa, musikala, biografikoa, pop art estilokoa, animaziokoa...

Ordenagailuko #software libreko irudi digitalak lantzeko programak erabili daitezke irudiak prestatzeko. Adibideko irudia SINTEL open movie blender.org-tik.





Laguntzeko notarako balioko duen taula hau jarraitu daiteke.



2023/10/19

ZERAMIKA DIGITALA 3D.



Zeramika digitalean murgilduko gara hurrengo ariketa honetan. Historian zehar nabigatu eta hainbat zeramika txarro ikertuko ditugu; hala nola, Egiptokoak zein Grezia garaikoak; nola ez, Txinako inperio garaiko txarro famatuak; eta, baita ere, beste garaietako diseinuak dituzten txarroak.



Behin aukeratuta marrazkiak egingo ditugu paperean 

eta, ondoren, paperezko marrazkiak irudi digitalak

bihurtuko ditugu .PNG formatuan, gardentasuna 

errespetatzeko siluetak direnean.


Irudi digitalak 3D forman txertatuko ditugu. 

Kasu  honetan, gure txarroari zeramika itxura 

emango diogu eta marrazkia, digitala, testura gisa

txertatuko dugu.



Gure zeramikak distira izango duen edo azal zimurra izango duen erabaki beharko dugu.


Euskara bultzatzeko, euskarazko hitzen bat jarriko dugu txarroaren diseinuan.


Erabiliko dugun software librea:

  • Blender: 3D formak egin eta eszena 3D sortzeko.

  • Gimp: siluetak sortzeko.

  • Inkscape: hitzak diseinatzeko.





2023/10/06

DISEINU GRAFIKO DIGITALA.

 Diseinu grafikoa egiteko IKTak erabiltzen dira. Garai batean ordenagailua eta gaur egun, nahi izanez gero, mugikorra ere.

Irudi berriak sortzeko aukera zabala eskaintzen digu diseinu grafiko digitalak. Ariketa honetan bi edo hiru irudi erabilita berri bat sortzea da. Irudiak galdera honi erantzun behar dio: HAU EGIA OTE?

Ikusita kazetaritzaren maila orokorrean ondo etorriko zaigu begi kritikoa lantzea...

Erabilitako programa #GIMP software librea.


2023/09/27

UDAZKENA. PERRETXIKOAK PLASTIKAN.

 


HEZKUNTZA PLASTIKOAN, IKUSIZKOAN ETA IKUS-ENTZUNEZKOAN hasi gara martxan.
Perretxikoak marraztuko ditugu koloretan, jatekoak direnak eta toxikoak direnak ere. Koloretako arkatzekin marraztuko ditugu. Ondoren, irudi digitalak egingo ditugu perretxikoen bilduma osatzeko, berriz ere, webgunean publikatzeko. 





Digitalki ere, baina 3D diseinua erabilita, bilduma bera egingo dugu. Digitalki egindako dena doako software librearekin egingo dugu, erabiltzen dugun sistema eragilea bezala, Linux. Azkenik, ikastetxeko atarian bilduma itsatsiko dugu, eta buztinarekin egindako perretxikoak erakutsiko ditugu, marrazki-fitxekin batera.



 Hostoen ondoan egoten omen dira perretxikoak. Animazioak egiten ari gara udazkeneko hostoak aitzaki hartuta. Hemen adibide bat ikusgai eta lan guztiak HEMEN publikatuko ditugu.




2023/09/11

Bodegoia plastikan 3D DISEINU ETA ANIMAZIOA. Hezkuntza plastikoa.

BODEGOIA ALA ARTE GARAIKIDEA. ZUK ZER NAHIAGO DUZU?
(mugikorrean horizontalean jarri testua egoki ikusteko).

Arte garaikidea ikusi, ulertu, partekatu eta gozatzea nahiko zaila da orokorrean,

nahiz eta hamar Guggenheim eraiki, Urdaibaitik hasita Oionetik pasata,

Bardeetan beste bat Sendavivaren ondoan, Arabar Errioxaraino,

Maulen eta Goierrin ahaztu gabe, eta parke naturalaren 

ondoan bada, hobe.


Artea 

eta 

turismoa diruari ondo lotuta.


Naturalismoa orokorrean herritar gehiengo 

batek asko errespetatzen du, 

teknikari begira, sentsazio erosoa 

transmititzen du.


Arte garaikideak , berriz,


bide berriak bilatzen ditu. 

Ideian oinarritzen da eta ideia lortzeko 

hainbat hizkuntza plastiko erabil ditzake.

Irekiak dira eremuak, mugarik gabe.

Hain berritzailea izanik kosta egiten zaio 

gehiengoari ulertzea, komunikatzea, baloratzea.

Gure plastikan bodegoitik hasi eta 

arte garaikidera egingo dugu bidaia.



2023/09/07

Hezkuntza plastikoa. Plastika Lauaizeta.

23-24 ikasturtea hasi da. Uda amaitu da behin ikasturtea hasita. Udazkena.

Hezkuntza plastikoa, ikusizkoa eta 

ikus-entzunezkoa martxan dago.


Zer egingo dugu?


Koloreekin jardun, marraztu,

espazioak erabili, kanpora 

atera marraztera, argazkigintza,

eskultura, chroma,

metraje laburreko filmak,

arte kontzeptuala,

euskal kulturan murgildu,

perspektiba, land art,

3D animazioa,

software librea,

marrazki teknikoa, diseinu grafikoa, 

buztina landu, arte instalazioak,

sare sozialetarako irudi eta animazioak, 

kartelak, audio lanketak,

bideo edizioa, komikiak, filmak ikusi, 

musika entzun, panpinak egin,

tatoo digitalak, mozorroak eta karetak, 

arte adierazpenak bisitatu,

arte garaikidea ezagutu, abstrakzioa landu, 

ondo pasa eta abar.




2023/06/13

MIKROARIKETAK. PROIEKTUEN ARTEKO SORMEN ESPAZIOAK.





Plastika arloan DBHn zer eta nola eman urteroko kontua bihur daiteke. Aspaldian proiektuka lan egiten dugu eta proiektuen osagarri gisa mikroariketak ere egiten ditugu. Sarean edo kalean gerta daitekeen hainbat kultura ekitaldi ekartzen ditugu gurera: herrietan gertatutakoak, zinematan, prentsan, liburu merkatuan, streaming eremuetan, sarean oro har...

Plastikan proiektuetatik kanpo ari garenean ondo pasatzeko, erlaxatzeko eta gehiago ikasteko honakoak egiten ditugu: auzora irten eta ikusten ari garena marraztu perspektiba lantzeko, testura, argia ere; mugikorrarekin argazkiak ateratzera irten kalera, plano motak, adierazpena...; eraikin publikoak edo hiriko bazterrak bisitatu, museoak edo Tabakalera modukoak; film laburrak ikusi; mahai inguruak egin, solasaldiak sortu...eta, nola ez, marrazkiak egin. Marrazkiak egin, arinak eta konplexuak, figuratiboak eta abstraktuak. Batzuentzat gozamena eta beste batzuentzat sufrikarioa. Bidea ez badugu jartzen, egitura, errezetaren bat, laguntzaileak....zaila du ikasleak aurrera egitea. Baina marrazkia egitea soilik beti da esperientzia bat.
Marraztea, digitalki, arkatzarekin, boliarekin zein tinta txinatarrarekin batzuentzat beti da gozagarri.
Hemen adibide batzuk..

2023/06/02

ARTELANAK DANTZAN. GIF ANIMATUAK.

Historian zehar izandako arte adierazpenak ezagutzeko #GIF irudiak sortuko ditugu 4DBH Plastikan. Aurtengoan ia denak klasikoak. Artelana aukeratu, apur bat ezagutu, eta animazioa sortuko dugu artelanaren inguruan. #Gimp software libre irudi editorean edo beste aplikazioren batean (capcut,...) egiten dugu; lehenik, animatuko den zatia islatu eta errepikatuko dugu animazioa gauzatzeko; bitartean, fondoan, klonazioa erabilita, animatuko den zatia desagerraraziko dugu; ondoren, geruzak bikoiztu eta lotuko ditugu fondoa eta animazio bikoteak eginda; azkenik, denbora ezarriko diegu ertzeko bi geruzei errepikapen jarraia ez egiteko, eta, gif moduan (animazio gisa) esportatuko dugu.

2023/06/01

HEDATZE 3D DISEINU ETA ANIMAZIOA. BI ADIBIDE.

1dbh-ko ikasle baten lana da hau (Hugo F.). Hogei minutuan eginda. Hedatze 3D Diseinu eta Animaziorako azken lana. Ikasturtean zehar ikasitakoarekin nahi zutena egin zezaketen azken bi saioetan. Dena hutsetik hasi beharrean #Mixamo web gunetik jaitsi du pertsonaia eta animazio bat. Eszenara ekarri eta foku moduko argia jarri dio goitik behera zuzendua. Argiari kolorea eta haren indarra hautatu dio: kasu honetan urdina. Moda oholtza sortu du kubo forma eraldatuta. #software librea erabili dugu: sistema eragilea #LUBERRI LINUX, #Linux Mint, #Ubuntu eta 3D programa #Blender 3.5.

Aurten lan ugari egin ditugu baina elkarrekin loturarik ez izatean ez ditugu proiektu batean bildu. Mikro-ariketak izan dira. Hoteletako self-service modukoak, denetarik apur bat probatu dugu 3D mundu zabal eta zirraragarrian.

Potentzial handia du bide honek, deskargatu osagaiak eta eszenaren diseinuan jarri indarra. Hortik abiatuta animazioa eraldatu daiteke Rigging animazioan sakonduta. Hezurren egitura pertsonaiari egokituko zaio eta hau, denborarekiko mugimenduen arabera, guk nahi dugun moduan anima dezakegu. Lan horri #rigging deritzo. Animazioaren intentsitatea neurtzeko, erpinen pisua egokitu beharko litzateke. 

Hemen duzue 1DBH-ko Paul C-ren lanaren bozeto bat.







2023/05/29

MUNDUAN ZEHAR. SKY-LINE MARRAZKI BEKTORIALA.

Munduan zehar bidaiatu dugu digitalki; horretarako, #Google Earth 3D building aktibatuta erabili dugu; eta, bestetik, munduko lekuak ezagutzeko sarean nabigatu dugu irudiak eta web guneak bisitatuz.
Behin bakoitzak hiria aukeratuta marrazki digitala sortu dugu SKY-LINE egiteko. Marrazki digitala egiteko #inkscape software librea erabili dugu. Internetetik hiriaren izena sortzeko tipografia deskargatu dugu eta azalpen testuarekin lagundu dugu. Lanak ikusteko klikatu.

2023/05/14

ARTE ABSTRAKTUA. ESKULTURA ABSTRAKTUA 2: HAUSNARKETA.

Milioika euro edo dolar ordaindu dituzte Jeff Koons artistaren obra batengatik. Dirua zuritzeko ote? Milioika asko. Merkatua. Artea ote? Betiko galderak. Gure helburua ikasleekin zer den artea, eta hainbat obren inguruko analisia partekatzea izango da. Garaiak eta testuingurua ulertu eta galderak denon artean erantzuten saiatuko gara. Azken pausua, behin erantzunak ulertuta, galdetegia betetzea. 

Nor da Jeff Koons? Bilboko Guggenheim museoko Puppyren egilea.

Arte Ederrak deitzen da unibertsitateko lizentziatura. Ederrak. Edertasuna al da helburua? Zertan datza edertasun kontzeptua? Zein euskarri da zilegizkoa artea egiteko? Filosofia, metafisika, artea, gizartea...zer bilatzen dugu DBH-ko Plastikan?

Horren inguruan arituko gara 4DBHko Plastikan mahai inguru/hausnarketan. Ea nola ateratzen den...

Arte analisia, klikatu.



2023/04/22

ARTE ABSTRAKTUA. ESKULTURA ABSTRAKTUA 1: OTEIZAREN METAFISIKA.


 

Aurretik egin genuen #Udaberri festa eta bertan abstrakzioaren lehen fasea burutu genuen: Mondrianen neoplastizismoa muralean eta Matematika eta Teknologia mintegiek egindako eskultura geometrikoarekiko ekintza artistikoa. 



Oraingoan, bigarren fasean, eskultura abstraktua eta Oteizaren eskultura eta lana analizatuko dugu. Oteiza lantzeko digitalki eta bi dimentsiotan digitalki marraztuko dugu zuri eta beltzean. Ondoren, eramangarriak kaxetan babesteko ekartzen dituzten poliuretanoak hartu eta eskultura metafisikoak sortuko ditugu, Oteizaren moduan. Bolumena duten formei argazkiak atera eta baita ere, haiek sortzen dituzten formen itzalei ere. Dron baten gisa, 3D ideiarekin, mugikorrarekin Oteizaren Donostiako Pasealeku berrian dagoen eskulturari argazkiak aterako dizkiogu hainbat ikuspuntutik.


#Jorge Oteiza euskal eskultore eta filosofoa izan zen, hutsaren kontzeptua aztertzen duten eskultura metafisikoengatik ezaguna. Haren lanak hizkuntzaren filosofian, estetikan eta eskulturaren eta arkitekturaren arteko harremanarekiko zuen interesa islatzen du.


Oteizaren eskulturetan forma geometriko sinpleak agertzen dira sarritan, kuboak eta esferak, hutsa irudikatzeko erabiltzen zituenak. Uste zuen hutsunea oinarrizko kontzeptua zela, zuzenean irudikatu ezin zitekeela, formarekin duen harremanaren bidez baizik. Haren lanak hutsaren zentzua sorrarazi nahi zuen espazio eta denborazko esperientzia gisa, objektu fisiko gisa baino. Oteizaren garapen eta ikerketa prozesua luzea eta landua izan zen. Eskultura figuratibotik abiatu zen, espresionismoa eta sinplifikazioa (Arantzazu), eta abstrakzio eta geometria metafisikoan amaitu zuen.


Oteizaren lan ospetsuenetako bat "Eraikuntza hutsa" seriea da, elkarri loturiko kuboz eta laukiz osatutako egitura modular multzo batez osatua. Eskultura hauek ikusleak berrantolatzeko diseinatuta daude, bere konposizio bereziak sortzeko eta hutsunea modu subjektibo batean bizitzeko aukera emanez.


Oteizaren hutsunearen filosofia oso errotuta dago bere euskal ondarean eta jaioterriko kultur tradizioetan. Euskal herriak hutsarekin harreman berezia zuela uste zuen, bere hizkuntzan, mitologian eta arkitekturan islatzen zena. Harrespilak Euskal Herriko historiaurrean izan ziren eta bere eskulturaren erroa handik sustraituta dator.


Laburbilduz, Oteizaren eskultura metafisikoek hutsaren kontzeptua forma geometriko sinpleen bidez aztertzen dute eta objektu fisiko baten beharrean espazio- eta denbora-esperientziaren zentzua piztea dute helburu. Haren obrak hizkuntzaren filosofia, estetika eta eskulturaren eta arkitekturaren arteko harremanarekiko interesa islatzen du, baita bere euskal ondare eta kultur tradizioekiko ere. Euskal Herriak Francoren diktadurapean jasaten ari zen egoera oso larria zen. Izaera, hizkuntza eta kultura galtzear zituen Euskal Herriko gizarteak. Bere proposamena herriari laguntzeko artea zen: tresna berriak kultura, pertsonak eta herri izaera esnatu eta berrindartzeko. Bere iritziz arteak horretarako izan behar du, gizartearen zerbitzura, gizartearen baloreak eta ideiak berrikusi eta hobetzeko.


2023/03/29

UDABERRI FESTA. MURALA+ESKULTURA 1. FASEA BURUTUTA.


#UDABERRI FESTA 2023 ospatzen ari gara Lauaizetan. Ostiralean izango da azken festa eguna: kantak eta dantzak. Aurretik girotze arren eta bazterrak arte proposamenekin adierazteko asmoarekin paretetan muralak egin ditugu eta Lauaizetako eskulturan arte ekintza ere burutu dugu Plastikatik. 

Lauaizetako ESKULTURA Matematika eta Teknologia arloen artean egindakoa da duela urte batzuk. Geometria gaia landu izan da urtero Matematikan eta Hilerribizi proiektuan egindako lanaren ondorioa da. KLIKATU goiko irudian eta ikus ahal izango duzue. Lauaizetako matematikako Ramon Iriondo irakasleak landu du geometria proiektua urte hauetan zehar...hemen jarraian klikatu hurrengo irudian.




 2023ko muralaren proiektua aurkeztuta HEMEN duzue. Eta gehiegi luzatu gabe, ahal dituzu ikusi muraleko ARGAZKIAK.






Oporretatik bueltan proiektuaren 2. faseari ekingo diogu: buztinarekin #Dora Salazarren eskultura ikertu; poliuretano eta kartoiak erabilita #Oteizaren lana analizatu; 3D digitalean bistak ikasi; eta azkenik, espazioko argiak eta itzalak erabilita marrazketa teknikoaren aplikazioak egin #argazkigintza erabilita.