bannerra 1

bannerra 1

2021/05/29

IKASLE OHIEN BISITA DIDAKTIKOA: ZINEMA, ARGAZKIGINTZA ETA MODA DISEINUA.

 

Programatuta genuen bezala etorri ziren Lauaizetara gure ikasleak izandako Ainhoa Gutierrez, June Alduntzin (@xurne.s /instagram) eta Irati Albizu (@iratiroal /instagram). Esperientzi aberasgarria, bisita soilik ona izanik ere, beraien ibilbide sortzailea azaldu ziguten, buruan dituzten proiektuak; eta, pasatako ikasketa eta esperientziak ere partekatu zituzten gurekin. ARGAZKIAK IKUSTEKO KLIKATU.

Ainhoak, egindako zinema proiektuak erakutsi zizkigun eta bertan dauden zinema-hizkuntzaren nondik norakoak azaldu zizkigun. Saiatu ginen gainera ikasleek, 4dbhko plastikako ikasleek, zinemaren komunikazio erreminta horiek uler zitzaten. 

June etorri baino aste batzuk lehenago argazkigintzaren inguruko ariketak egin genituen: argazkiak atera, argazkiak analizatu, argia, espazioa, adierazpena...Ondoren, instagrameko Juneren argazki artistikoak aukeratu eta tinta txinoarekin marraztu genituen, argazkiaren sekretuak aurkitzeko. June bisitan etorri zenerako ezagutzen genuen bere lana zertxobait. Junek azaldu zituen bere esperientzia eta argazkiarekiko bere planteamendua eta helburuak. Solasaldiaren ondoren Junek gidatutako argazkiak atera genituen ikastetxean zehar.

Irati etorri zitzaigun bere moda diseinuko hainbat arroparekin, beraien arteko ezberdintasunak eta ñabardurak argitzeko; modaren diseinuan garrantzitsuak diren gakoak argitzeko; josketaren zailtasunak ulertzeko. Aurretik, ikasleek arte klasikoko eskulturan eta pinturan ikusitako arropak erreproduzitu zituzten tintarekin; eta koloretan, gaur egungo arropak marraztu zituzten, mugikorretik hautatutako irudietatik. Bere proiektuaren landutako marrazki eta artxibategi moduko bat ere erakutsi zigun. Eta gainera, aurkezpen digitala prestatu zigun ere moda diseinuaren azpiegiturak eta ildo nagusiak erakusteko. Iratiren kasuan, azaldu zigun moduan, moda diseinuan ideiak landu eta estiloa jorratzen duzun heinean, enpresari/autonomo moduan jardun behar duzu; eta,  ondorioz, ekonomiak zein merkatuak asko mugatzen dute egiten duzuna.

Lauaizetako ikasleak Lauaizetan bukatu eta bisitan etortzea esperientzi aberasgarria da denontzat. Oso ondo pasa dugu. Ea hurrengo urteetan ere jarraitzen dugun antzekoak egiten. Milesker Ainhoa, June eta Irati.

2021/05/24

AUZOEKIN ELKARLANEAN. LETAMAN GAZTETXEAK 25 URTE.


 


Intxaurrondoko auzoan Letaman gaztetxeak 25 urte bete ditu auzo eta Donostialdeko gizartea aberasten, espazio libre, partekatu, asanbleario eta autogestionatua aurrera eramaten. Ez gara hemen hasiko zerrendatzen  zein baliotsua den gaztetxeek egiten duten lana Euskal Herrian zehar. Dagoeneko denok badakigu.

Letaman gaztetxeko kide eta ikasle ohi batzuk etorri zitzaizkigun bisitan Lauaizetara eta 25. urteurrena zela eta, eskatu ziguten ospakizunetarako kartel/logoa egiteko ikasleekin plastikan. 

Lehenik eta behin gaiaren inguruko hausnarketa eta hurbilketa teorikoa egin dugu: gaztetxea. Ondoren, konposizioaren lanketa egin dugu eremu beltz eta zuriaren arteko erlazioan ideiak bilatzen. Zuri beltzean egin behar genuen.  Ideiaren sintetizazioa eta transmisioa bilatu nahian #inkscape software libreko irudi editore bektorialean aritu gara konposizioa borobiltzeko. Gehitu ditugun tipografiak dafont.com webgunetik aukeratu eta deskargatu ditugu.

Horretan ibili gara eta hemen dituzue proposamenak. Ea Letamanen baten bat aukeratzen duten. KLIKATU goiko irudian proposamen guztiak ikusteko. 

Letaman ikusiko garelakoan, jarraitu aurrera beste 25 urte gutxienez!

2021/05/15

ALGARAKLOWN. PAILAZOAK OSPITALETAN IRRIAK ZABALTZEN.

 












Algaraklown pailazo elkarte bat da, musu truke ospitaletako gaixorik dauden umeak alaitzen jarduten duena. Lauaizetan planteatu zuten elkarlanean aritzea, maiatzaren 13an ospitaletako ume gaixoen eguna denez, tiktok bideoak egitea ikasleekin beraiek bideoak ospitalean erakutsi eta erabiltzeko. Bi motatakoak egin ditugu: irriak sortzeko barregurazkoak eta irriak sortzeko dantzak imitatzekoak. Tiktokak ikusteko klikatu argazkian.

2021/05/10

21/22 PLASTIKA HAUTAZKOA 4 DBH.

 

KLIKATU IRUDIAN HAUTAZKOAREN AURKEZPENA IKUSTEKO.

Hurrengo urteari begira 3dbhkoek hautazkoak aukeratu behar dituzte. Plastika mintegitik 4dbhn PLASTIKA hautazkoa eskaintzen da. Kurrikulum-proiektua kontuan izanda, proiektuak garatzen aritzen gara, hainbat teknika erabilita ikasgelan, korridorean, kalean eta beste hainbat espazioetan: banaka-taldeka, IKTak erabiliz, aniztasuna kontuan izanik, euskaraz eta software librea bultzatuz; eta Plastika eta Ikusizkoen Hezkuntzan murgilduta. Hala nola, marrazkia, komikia, argazkigintza, zinema, diseinu grafikoa, animazioak, 3D diseinu eta animazioa, Arte garaikidea, Artearen historia eta abar.


2021/05/01

MARRAZKETA ARTISTIKO DIGITALA.




Marrazketa artistikoa egiteko modu digitala (bideoa ikusteko klikatu hemen) erabiliko dugu. Kontzeptuak bereganatzeko ingurua eta bertako objektuak behatuko ditugu. Argiaren kalitatea analizatuko dugu, haren indarra, izan ditzaken
kolore aukerak, eta azkenik, argi hori nondik datorren. Marraztuko dugun objektuaren egitura ikertuko dugu: geometria eta konposizioa, egituraren zati garrantzitsuenak eta bigarren mailako elementuak.


Arkatzarekin eta tintarekin objektua ulertu dugunean argazkiak aterako dizkiogu mugikorrarekin. Mugikorraren bideoa erabilita objektuaren 360 graduko ikerketa garatuko dugu. Arkatzarekin eta mugikorrarekin objektuaren bistak irudikatuko ditugu: aurreko bista, profila eta goiko bista. Arkatza eta erregelekin #isometriko sistema erabili eta objektuaren bolumenaren irudia marraztuko dugu. Argia eta bolumenaren trataera arkatzarekin ere marraztuko dugu isomterikoaren gainetik. Emaitza guztiak argazkietan dokumentatuko ditugu. Objektuaren analisi formala garatuta dugunean gauzatzeari ekingo diogu baina eremu digitalean. Horretarako, plastikako blog honetan ezaguna den BLENDER software librea erabiliko dugu. Merkatuko onena da eta librea denez edonork edonon erabil dezake. Librea eta komunitateak sostengatua. Filosofia ezin hobea dauka. Linux sistema eragilean eta besteetan instala dezakezue 5 minututan. https://www.blender.org/ Software hau ikaragarri aurreratzen ari da eta azken bertsioa, 3.0, oso ona da, indartsua eta grafika arruntekin ere ondo dabil. 3D eta bideo eremuan ordenagailuaren grafika eta prozesadoreak badu garrantzia, noski. Baina software hau erabil daiteke ordenagailu arruntetan modu optimizatuan eta emaitza onak lortzeko.

Geometria orokorretik hasiko gara, zilindrotik kasu honetan, eta hau eraldatzen kafeteraren forma zehatza lortuko dugu. Kafearen katilua eta koilaratxoa, berdin.  Argiaren kolorea, kokapena eta indarra erabaki ondoren eszena izango dugu. Zein testura izango duen erabaki beharko da: testura gastatuak, berriak, zeramika, metala, zikinak ote dauden, hatz markak, erredurak...
Kolorearen teoria eta errefrakzioa landuko ditugu, argiaren isla eta argiaren itzal proiektatuak. Objektuen azalean argiak duen portaera. Aireak izan dezakeen dentsitatea ere landu dezakegu 3 botoi mugitu eta parametro matematikoekin jolasten; Dena, une oro, pantailan ikusita.
Marrazketa artistiko digitala amaitzeko, gidoiari lotutako animazioa egingo dugu. Adibide honetan hostoekin...Ikusteko animazioa klikatu azken irudi honetan.