bannerra 1

bannerra 1

2021/05/10

21/22 PLASTIKA HAUTAZKOA 4 DBH.

 

KLIKATU IRUDIAN HAUTAZKOAREN AURKEZPENA IKUSTEKO.

Hurrengo urteari begira 3dbhkoek hautazkoak aukeratu behar dituzte. Plastika mintegitik 4dbhn PLASTIKA hautazkoa eskaintzen da. Kurrikulum-proiektua kontuan izanda, proiektuak garatzen aritzen gara, hainbat teknika erabilita ikasgelan, korridorean, kalean eta beste hainbat espazioetan: banaka-taldeka, IKTak erabiliz, aniztasuna kontuan izanik, euskaraz eta software librea bultzatuz; eta Plastika eta Ikusizkoen Hezkuntzan murgilduta. Hala nola, marrazkia, komikia, argazkigintza, zinema, diseinu grafikoa, animazioak, 3D diseinu eta animazioa, Arte garaikidea, Artearen historia eta abar.


2021/05/01

MARRAZKETA ARTISTIKO DIGITALA.




Marrazketa artistikoa egiteko modu digitala (bideoa ikusteko klikatu hemen) erabiliko dugu. Kontzeptuak bereganatzeko ingurua eta bertako objektuak behatuko ditugu. Argiaren kalitatea analizatuko dugu, haren indarra, izan ditzaken
kolore aukerak, eta azkenik, argi hori nondik datorren. Marraztuko dugun objektuaren egitura ikertuko dugu: geometria eta konposizioa, egituraren zati garrantzitsuenak eta bigarren mailako elementuak.


Arkatzarekin eta tintarekin objektua ulertu dugunean argazkiak aterako dizkiogu mugikorrarekin. Mugikorraren bideoa erabilita objektuaren 360 graduko ikerketa garatuko dugu. Arkatzarekin eta mugikorrarekin objektuaren bistak irudikatuko ditugu: aurreko bista, profila eta goiko bista. Arkatza eta erregelekin #isometriko sistema erabili eta objektuaren bolumenaren irudia marraztuko dugu. Argia eta bolumenaren trataera arkatzarekin ere marraztuko dugu isomterikoaren gainetik. Emaitza guztiak argazkietan dokumentatuko ditugu. Objektuaren analisi formala garatuta dugunean gauzatzeari ekingo diogu baina eremu digitalean. Horretarako, plastikako blog honetan ezaguna den BLENDER software librea erabiliko dugu. Merkatuko onena da eta librea denez edonork edonon erabil dezake. Librea eta komunitateak sostengatua. Filosofia ezin hobea dauka. Linux sistema eragilean eta besteetan instala dezakezue 5 minututan. https://www.blender.org/ Software hau ikaragarri aurreratzen ari da eta azken bertsioa, 3.0, oso ona da, indartsua eta grafika arruntekin ere ondo dabil. 3D eta bideo eremuan ordenagailuaren grafika eta prozesadoreak badu garrantzia, noski. Baina software hau erabil daiteke ordenagailu arruntetan modu optimizatuan eta emaitza onak lortzeko.

Geometria orokorretik hasiko gara, zilindrotik kasu honetan, eta hau eraldatzen kafeteraren forma zehatza lortuko dugu. Kafearen katilua eta koilaratxoa, berdin.  Argiaren kolorea, kokapena eta indarra erabaki ondoren eszena izango dugu. Zein testura izango duen erabaki beharko da: testura gastatuak, berriak, zeramika, metala, zikinak ote dauden, hatz markak, erredurak...
Kolorearen teoria eta errefrakzioa landuko ditugu, argiaren isla eta argiaren itzal proiektatuak. Objektuen azalean argiak duen portaera. Aireak izan dezakeen dentsitatea ere landu dezakegu 3 botoi mugitu eta parametro matematikoekin jolasten; Dena, une oro, pantailan ikusita.
Marrazketa artistiko digitala amaitzeko, gidoiari lotutako animazioa egingo dugu. Adibide honetan hostoekin...Ikusteko animazioa klikatu azken irudi honetan.





2021/04/25

MARRAZKI DIGITALA PLASTIKAN: TABLETAK

Gizarten Egipto lantzen ari dira eta, gonbidapena luzatu eta onartu ondoren, Plastikan Egiptoko irudiak landu ditugu. Egiptoko irudia aukeratu eta koloretan erreproduzitzea izan da helburua, koloretako arkatzekin. Baina irudimena lantzeko gaur egungo zerbait txertatu behar izan dugu marrazkian Egiptoko ezaugarriak galdu gabe, ahal bada.

Aurreko blog sarrera baten aipatu bezala, 1dbhko ikasle batzuek tabletak etxetik ekarri eta marrazkiak zein animazioak tabletetan egiten dituzte: hala nola, Gabrielle, Ilune, Nora, Juncal, Alaitz, Maider, Irati... Arkatzez eta tabletarekin prozedurak antzekoak dira. Tabletak koloreak hautatzeko edo zuzenketak egiteko erraztasuna emango dizu, baina trebezia izatea ere eskatuko dizu.

Hemen goian ikus ditzakezue Gabrielle eta Iluneren marrazkiak. Ikaragarri onak dira. Marrazki eta lan guztiak dira onak eta asko...ikaragarri onak. Nola egin duten ikusi nahi? Klikatu bi esteka hauetan eta ikusi: Jainko otsoa eta Egiptoko Simpson.


2021/04/23

3D ANIMAZIOA. PERTSONAIA ETA EFEKTUAK MODU LIBREAN DESKARGATU ETA ERABILI.

 

Bideoa ikusketo klikatu irudia.

Gaur egun 3D diseinu eta animazioa egiteko Blender software librea daukagu. Software oso ona eta komunitateak indar handiarekin garatu eta zaintzen duena. Deskargatu eta erabiltzeko: https://www.blender.org/

Norberak landu ditzake 3D animazioaren atal guztiak softwaretik irten gabe: 2D eta 3D diseinua, marrazki teknikoa, simulazio fisikoak, partikulen sistemak, likidoak, sua eta kea, vfx efektu bereziak, bideo edizioa, 3D eskultura, 3D animazioa, konposizioa, argiztapena, testurak eta mila gauza geihago...

Baina horrek luze jo dezake. Horregatik, proiektu luzeak egiteko talde lanean aritzea eta indarrak metatzea komeni da. Baina, proiektu txikiak egiteko, eta nahiz eta bakarrik dena egiteko gai izan, interneteko webguneetatik jaitsi daitezke lizentzia librekoak diren besteek egindako hainbat fitxategi: 3D pertsonaiak, animazioak, objektuak, paisaiak, testurak,suak, keak eta antzeko efektuak, argiak eta abar luzea.

Bideoko leherketa efektuak, openVDBak. Libreak. https://jangafx.com/

3D pertsonaia deskargatu: https://free3d.com/ https://www.mixamo.com/

Bideo edizioa: https://www.openshot.org/ Diseinu bektoriala: https://inkscape.org/ Irudi diseinua: https://www.gimp.org/ 3D diseinu eta animazioa: https://www.blender.org/ 3D pertsonaia deskargatu: https://www.mixamo.com/

2021/04/17

KULTUR ASTEA MAIATZEAN: ZINEMAGINTZA, MODA DISEINUA ETA ARGAZKIGINTZA

 




                                                                                        klikatu irudian bideoa ikusteko.

Plastika eta ikusizkoen hezkuntzan ikasleek ikasteko modu hoberena egitean datza. Egin eta ikasiko dut. Proiektu erara lan egiten dugu. Kontzeptu teorikoak hainbat prozedurekin aplikatuta. Formatuak eta teknikak ideia eta helburuetara egokitzen saiatzen gara: bideogintza, neurri handiak, espazioak eraldatu, espazioak erabili, taldeka, digitala ala lurrean margotzen...ezerk balio du balioko badu. 

Asko eta azkar ikasteko beste modua bizipenak eta esperientzia profesionalak edo beste eremuetan garatutako esperientziak ezagutzean datza. 

Aurten, hain zuzen, hori gauzatzeko parada izango dugu. 4dbhn dauden bi ikasleren ahizpak Plastika eremuko hainbat alorretan dabiltza: Irati Albizu (@iratiroal /instagram) moda diseinuan eta June Alduntzin (@xurne.s /instagram) argazkigintzan. Gure ikasleak izandakoak dira. Gure ikaslea izandakoa da  Ainhoa Gutierrez ere. Zinemagintzan dabil eta animatu da gurekin  kultur aste honetan parte hartzera.

Oso interesgarria izango da beraien esperientziak partekatu eta gauza berriak ikasteko aukera izatea; Nolabait ikasle, eta bereziki plastikako ikasle, izan eta beraien ibilbidean berriz Lauaizetara itzultzea.

Agendari buelta batzuk eman eta maiatzean egingo ditugu bisita hitzaldiak.

2021/02/09

ARGAZKIGINTZA. JUNE ALDUNTZIN.

 


Plastikan argazkigintza lantzen hasi gara eta konturatu gara telefono mugikorrarekin gaur egun zenbat argazki ateratzen ditugun, ia egunero. Mugikorrak geroz eta hobeagoak erosten ditugu: kamera onak ditugu poltsikoan, hara eta hona ibilita ere, beti eskura.

Askotan zaila da argazki ona definitzeko orduan hautatu beharreko irizpide sorta. Batzutan gauza bati erreparatuko diot eta bestean beste bati. Argia, esanahia, unea, kokapena, begirada, gaia...

Gure ikaslea izandako June Alduntzin argazkigintza munduan dabil jo eta su. Goiko irudian KLIKATU eta INSTAGRAMEKO bere kontura eramango zaitu. Beregana jo dugu galderak egitera eta bere lanen berri jarri nahi izan dugu hemen. Covidaren hau pasata, hurrengo ikasturtean edo, ea Lauaizetara ekartzen dugun hitzaldi-tailerra ematera. 






2021/01/29

TEKNIKA ARTISTIKOAK. XAKEA ETA ITZALA.


 Teknika hautazkoan xakea eta itzala gaia hartuta marrazkia edo irudia sortuko dugu. Sarean aurkitutako edo bakoitzak sortutako argazkia erabiliko du: piezak kokatu eta mugikorrarekin linterna erabili eta argazkiak atera. Konposizioa eta ikuspuntua erabaki. Ikertu. Gimp software librea erabili argilunak bilatzeko, testurak...

Nondik dator xakearen gaia? Covidaren txertatzeak ekarri duen polemikagatik? Xakeak hierarkia adierazten du; eta, txertoak hartzeko, hierarkiak ote daude? Herritarrek zer diote? Peoitzat dute haien burua? Hainbesterako ematen du xakearen sinbologiak?

Xakeari buruz zer esan esan ez denik? #Netflixeko #The Queen's Gambit serieak xakea egunerokora ekarri du, berriz ere. Guda hotzaren garaietara ekarri gaitu, xakearen garrantzia pil pilean zegoenekora. Xakea haria eta emakumea protagonista. Serieak hainbat gai jorratzen ditu eta ondo kontatua deritzot.

#Xakea asmatu zeneko zenbaki jokoen kondairak, gari aleena, txundigarria izaten jarraitzen du oraindik. Zenbat bilioi... eta lepoa moztu! Ekialdeko kulturan sortutako jokoa xakea; eta, gero, mendebaldeko kulturak kultuak; eta ezezagunak, berriz, basatiak. Galileori galdetu besterik ez...

Gari aleetatik Gari idazlera pasako gara. #Gari Berasaluze idazle eta kazetaria idazten ari da xakeari buruz, ekarpen oso interesgarriak eginez. Gomendatzen dizuet hauek irakurtzea. Baita bere liburuak irakurtzea eta bere bloga, #kalaportu, jarraitzea ere. https://gari2017.wordpress.com/



2021/01/27

MUSIKA PLASTIKAN. ENTZUN ETA SORTU. MIHISE (USURBIL-EUSKAL HERRIA).

 Lan luzeak egiten ditugunean musika entzuten dugu Plastika gelan. Askotan euskal musika, euskaraz eta gazteleraz, eta munduan zehar egindako musika ere. Hemen zerrendatzea entzuten ditugunak bukaezina litzateke eta baten bat ahaztu ezkero hanka sartzea. Baina aipamenak egiteko aukera ere badugu hemen. Zuzeneko kontzertuak ezin egin egoera hontan digitalki edo DVDa erosita entzun ahal ditugu eta musika onaz gozatu. Oraingo hontan Usurbileko MIHISE (BALIO DUTE WEBGUNEA) taldea aipatu nahi dugu hemen.

Musika entzuten dugu gustura egon nahi dugulako lanean ari garela eta musikak ere ideiak plazaratzen dituelako. Kultura. Zer entzun.

Gainera, sormen eremuan bideoak sortzen ditugunean, animazioak eta bestelako bideo lanak, musikarekin elkartzen ditugu. Sormeneko atal garrantzitsua osatzen baitu musikak.


2021/01/17

PERSPEKTIBA ETA ARGIZTAPENA.

 Perspektiba landuko dugu 12 marrazki edo irudiekin. Laugarrena ikastetxeko korridorea marraztea izan da, bertatik bertara. Horretarako, hiru marra famili hartu ditugu kontuan: horizontalak, bertikalak eta sakonera edo ihes puntura doazen zuzenak. Perspektiba landuko dugun guztietan kontuan izango dugu hiru zuzen famili hauena.

Bitartean, argiztapenaren ariketa bat egingo dugu. Internet sarean korridore

baten argazkia hautatuko dugu. Irudi honek interesa piztu behar du: argi eta 

itzalengatik, eraikinaren historiagatik, espazioaren formengatik...

Behin irudia deskargatuta software libreko #Gimp irudi editorea erabiliko dugu, edo mugikorreko irudiak editatzeko aplikazioren bat. Zer da egin behar duguna? Kolore distira zein kontrastea erabilita irudia argitu (1), irudia orekatu (2), eta irudia ilundu edo asko ilundu (3).


Argitsua.
Orekatua.
Iluna.
Oso iluna.



2020/11/04

ANIMAZIOA 1DBH PLASTIKAN. GIF ANIMATUAK.

 



Plastikan animazioak egin ditugu #Gif moduan #Inkscape programa bektoriala eta #Gimp irudi editorea erabilita, biak software libreak. Animazioak ikusteko klikatu hemen.

1DBH-ko ikasleen maila, jarrera eta gogoa izugarria da. Lan asko eta ondo egiten dute eta gainera, primeran pasatzen dute. Aurten, lehenengo aldiz, hainbat ikasle tableta digitalarekin etortzen ari da gelara. Etxean marrazteko eta animazioak egiteko erabil ohi duten tramankulu digitala erabiltzen ari dira gelan ere. Txoratzeko modukoa nola jarduten duten marrazten. Hemen jarraian adibidea:




2020/06/06

ARGAZKI HONEK ZERBAIT DAUKA. ARGAZKI LEHIAKETA.


Argazkiak egiteko gaitasun handiak ditugu gaur egun. Mugikorra gure bizitzako nahitaezko zati bat bihurtu zenetik argazkiak sarri egiten ditugu , uneoro esango nuke. Mugikorren kalitatea oso ona da. Argazki onak egiteko gai gara.
Argazki lehiaketa egingo dugu 3DBH Plastikan. Argazki bat bidali behar duzue lehiaketara, eta beste bat demostratzeko zuek ateratakoa dela eta ez beste norbaitena.
Zer behar du argazkiak? Zerbait. Zerbait berezia argazkia “ona” izatea bihurtuko duena: kolorearen trataera, argia, ikuspuntua, bat batekotasuna, gaia, unea, konposizioa...

2020/06/04

PILOTA IBILTARIA.


5. lanaren ordua iritsi da. Hautazkoaren izena IRUDIMENA da. Irudimena erabiliko dugu pilota batek egingo duen ibilbidea bideoan grabatzeko. Pilota hau saltoka eta errodatzen joango da batetik bestera, etxe barruan zein kanpoan, naturalki aurki dezakegun zirkuitu batean (gauzak hor daude) edo guk sortutakoa (gauzak guk jarri edo lekuz aldatu ditugu). Ez da etenik gabeko bideo grabaketa izan behar derrigorrez, hau da, nahi duguna egin dezakegu, bideoan “saltoak” egon daitezke. Adibidez, pilota sartu daiteke nonbaiten eta atera EDOZEIN lekutik, balkoitik erori daiteke pilota eta ondorengo bideoan guk nahi dugun lekuan erori...

2020/06/03

FORMAREN SAILKAPENA: ITZALAK.

Izaki bat definituko duena duen forma da: zabala, estua, garaia...


“Itzal horrek zakurraren forma du”.


Ez argi, ez kolore, ez 3D...itzala baizik.


Hori lortuko dugu, itzalak definitzen duen siluetaren argazkia.

2020/06/02

PLASTIKAKO LANEN ERAKUSKETA DIGITALA. AURKI IPRENTSAN.

Bizi izan dugun egoerak, koronabirusarenak, zientzia fikziozko film batetik ateratako gidoia dirudi. Bitxia izan da ikasleekin telematikoki lan egitea, Kubriken 2001 espazioko odisea filmean moduan. Baina ikasleek erantzun dute. Eta bakarkako ikasketa prozesu horretatik, etxetik atera gabeko errealitate horretatik, jasotzen ari gara azken lanak ikasturteari amaiera emateko. Ikasturte honetako azken alean ikastetxeko aldizkari digitalean, Iprentsa 27an, erakusketa digitala egingo dugu eta bertan ikusgai egongo dira koronabirus garaian egindako plastikako hainbat lan. Hemen lagin bat, Eider CarramiƱanaren lana, 4dbh/Lauaizeta BHI.


2020/06/01

HIZKUNTZA PLASTIKOA. OREKA.


 




Hainbat adierazpen modu daude. Adierazpen artistikoa artistaren ideia edo kontzeptu bat komunikatzeko edo adierazteko beharrari ematen zaion erantzuna da nolabait; pertsona horiek ikusleekin partekatu nahi dute hori, adierazpen artistiko ororen hartzaile anitzek dituzten edo egiten dituzten erantzun, irakurketa eta erantzunetatik harago.
Jendeak pentsa dezake adierazpen artistikoa arte plastikoetara bakarrik mugatzen dela, baina artea ez da horretara bakarrik mugatzen, baizik eta kontzeptu bat, estilo bat, fikzioko pertsonaia bat, ikuspegi berezi bat irudikatzeko balio duen orotara ireki daiteke.
Irudimenezko espazioak, sortzeak, komunikatzeko modu gisa, gizakiaren sakontasunik sakonena barne hartzen du beti.
Plastika eta Ikusizkoen Hezkuntzaren ikuspegitik adierazteko hiru modu nagusi ditugu; Batetik, ideia edo ikusten dugunaren errepresentazioa, figuratiboa edo espresionista; Bestetik, kontzeptua helburu hainbat formatutan aurkeztutakoa; Eta azkenik, hizkuntza plastikoaren garapenean diharduen prozedurarena.
Ariketa nahi den formatuan gai bat emanda zerbait ARTISTIKOA egin eta aurkeztea: marrazki, irudi, argazki, pintura, eskultura, instalazio, audio, antzerki, bideo, eta abar. Gaia: OREKA.

2020/05/26

ARTE ABSTRAKTUA ETA TXORIEN KANTUA


Covid 19-aren pandemia dela eta etxean sartuta egon gara denbora luzean. Gure mundua aldatu zaigu bat batean: eskola etxetik, ezin atera, leihotik begira...Orain, berriz, kalera atera gaitezke eta haize apur bat hartu behintzat. Irudimena hautazkoan audio grabaketa bat egingo dugu. Gure izena esan eta jarraian txorien soinuak grabatuko ditugu. Txoriak entzutea arte abstraktuaren modukoa da, gustukoa dugu baina ez dugu ulertzen bere esanahia. Goiko irudia Sistiagarena da.

2020/05/25

ZEHARKAKO BEGIRADA.

Ezkutuko planoa. Argazki bat aterako dugu baina zeharkako ideia indartuko dugu. Hau da, protagonismoa duena ezkutuan egongo da. Joko bat bezala hartuko dugu. Etxean eta kalean buruari bueltak eman, begiak erne izan eta ea zer ateratzen den. Gogoratu, serie eta pelikuletan bigarren mailako pertsonaiak dauden moduan, zeharkako begirada erabilita argazkia atera eta protagonismoa duena erakutsiko dugu erakutsi gabe. Epea, maiatzaren 31. Adibidean ikus daiteke puzzlearen piezak nola adierazten duten puzzlearen berri baina puzzlea ez da ikusten.



ARGAZKIA KOLORE BATEAN. MONOKROMATISMOA.


Argazki bat kolore batean atera behar duzu. Hautatu zirkulu kromatikotik gustukoa duzun kolore bat. Atera argazki bat kolore hau nagusi dena. Kolorea argitu ala ilundu daiteke.


TANTAREN JARIOA


Ikus-entzunezko tailerrean hurrengo erronka honako hau da: tantaren jarioaren animazioa. Ez du balio internetetik deskargatzea. Bakoitzak berea grabatu behar du mugikorrarekin. 2 bideo, bakoitza segundo gutxitakoa eta gurea den 2 demostrazio-argazki; batetik, tantaren jarioa azalera batean irristaka; bestetik, tanta airean erortzen da, azalerarik gabe. Mugikorrarekin grabatuko dugu, baina norbaitek eskuz edo ordenagailuarekin animazio bat egin nahi badu, aurrera. Epea maiatzaren 31.

2020/05/17

IRUDI GEOMETRIKOAK-TANGENTZIAK INGURUAN







































Geometria lantzen da DBHko plastikan ere. Gaitegiaren barruan helburuetako bat ikasleak planoan eta bolumenean aurkitzen diren irudi geometrikoak ulertzean datza. Irudi hauek identifikatu eta analizatu behar ditugu. Objektuen egituretan geometriak duen garrantzia baloratu behar dugu, zuzenen arteko harremanak, angeluak eta geometria egituratzeko matematika. Ikaslearen jarrera ikertzekoa bada, behatzekoa eta ikastekoa, geometria egitura hauek ezagutu eta ulertuko ditu.
Ariketa honetan 20 argazki egin eta editatu behar dira. 20 irudi geometrikoren adibide bana. Argazki hauek egunerokotasunean bilatuko ditugu eta aurkitutakoan argazkia atera eta ondoren markatu zuzenak eta zirkunferentziak. Bidaltzerakoan zenbatu eta izena txukun jarri. Epea maiatzak 31.
  1. 2 zirkunferentzi ukitu gabe.
  2. 2 zirkunferentzi ukitzaile.
  3. 2 zirkunferentzi ebakitzen dira.
  4. 1 zirkunferentzi eta 1 zuzen ukitu gabe.
  5. 1 zirkunferentzi eta 1 zuzen ukitzaile.
  6. 1 zirkunferentzi eta 1 zuzen ebakitzen dira.
  7. 2 zuzen paralelo.
  8. 2 zuzen elkarzut.
  9. 2 zuzen ebakitzen dira.
  10. 1 zuzen 2 zirkunferentziari ukitzaile kanpotik.
  11. 1 zuzen 2 zirkunferentziari ukitzaile barrutik.
  12. 2 zirkunferentzi paralelo.
  13. Karratua.
  14. Kuboa.
  15. Zilindroa.
  16. Esfera.
  17. Planoa eta kuboa batera.
  18. Zilindroa eta kuboa batera.
  19. Zilindroa eta planoa paralelo.
  20. Zilindroa eta planoa elkarzut.

2020/05/11

MARRAZKIA ALA ARGAZKIA. LIBURUA IRAKURTZEN.

Abangoardiako arte mugimenduak hasi baino lehen inguruaren eta pertsonaien errepresentazioa gailendu zen. Gizonezkoak izaten ziren gehiengo handi batean, gizartean botere posizio gehiago zutelako. Emakumezkoak gutxiago ateratzen ziren koadroetan. Hori dela eta, baten batek bilduma egin du emakumezkoak ateratzen diren pintura koadroekin eta gainera, irakurtzen ari dira.
Ariketa hauetako koadro bat hautatu eta imitatu egin behar duzue, postura eta eszena, gutxi gora behera. Eta ARGAZKIA ala MARRAZKIA egin eta bidali.

IKUSPUNTUAK ETA PLANO MOTAK ZINEMAN.

Hemen dituzue WIKIPEDIA-n zinema eta argazkigintzarako ikuspuntu eta planoen sailkapena. Hauetatik 5 hautatu eta 5 argazki atera behar dituzue mugikorrarekin edo etxean duzuen kamerarekin. Ondoren, sailkatu eta bidali argazki bakoitza bere izenarekin(ZEIN PLANO MOTA DEN) eta ondoan zuena dela demostratzen duen beste argazki batekin (selfie edo...).

IRRATSAIOAREN SERIEAREN GOIBURUA. AUDIO NARRAZIOAK.

Radio Polloe irratia, Lauaizetako irratia, martxan da. 3Tekniketako hirugarren lana honekin lotuta doa. Fikziozko irratsaio baten aldiro errepikatzen den hasierako zatia, hau da, seriearen goiburua sortuko dugu. Seriea izango da eta tramaren berri eman behar du. Zuek asmatu seriea zein estilokoa den eta zein gai tratatzen dituen.

Teknikoki mugikorra erabiliko dugu. Soinu grabagailua eta soinu efektu bereziak egiteko gure ahotsak edo etxeko trastuak erabiliko ditugu: sukaldeko tresneria, familiakoen laguntza, altzariak mugituz sortutako soinua, internetetik jaitsitakoa, telebistatik edo ordenagailutik zuzenean grabatuta...denak balio du.

Radio Polloe irratia, Lauaizetako irratia, martxan da. 3Tekniketako hirugarren lana honekin lotuta doa. Fikziozko irratsaio baten aldiro errepikatzen den hasierako zatia, hau da, seriearen goiburua sortuko dugu. Seriea izango da eta tramaren berri eman behar du. Zuek asmatu seriea zein estilokoa den eta zein gai tratatzen dituen.
Teknikoki mugikorra erabiliko dugu. Soinu grabagailua eta soinu efektu bereziak egiteko gure ahotsak edo etxeko trastuak erabiliko ditugu: sukaldeko tresneria, familiakoen laguntza, altzariak mugituz sortutako soinua, internetetik jaitsitakoa, telebistatik edo ordenagailutik zuzenean grabatuta...denak balio du.

Kontuan eduki beharrekoak:

  • MUSIKA

  • SOINU EFEKTUAK

  • TRAMA EDO SERIEAREN GAIA

  • PERTSONAIAK ETA DESKRIBAPENAK

  • SARRERA TESTUA: “Behin batean ez dakit non...”

Hemen telebistako 2 adibide eredua ulertzeko:
<iframe width="560" height="315" src="https://www.youtube.com/embed/mry1X7oteKM" frameborder="0" allow="accelerometer; autoplay; encrypted-media; gyroscope; picture-in-picture" allowfullscreen></iframe>
<iframe width="560" height="315" src="https://www.youtube.com/embed/EjI0t9uVoDU" frameborder="0" allow="accelerometer; autoplay; encrypted-media; gyroscope; picture-in-picture" allowfullscreen></iframe>



LOGOA SORTU: RADIO POLLOE IRRATIA

Maiatzean sartu eta alerta egoeran jarraitzen dugu konfinamenduan koronabirusa dela eta. IPRENTSA 26 Lauaizetako aldizkari digitala sarean da eta bertan ezagutu dugu egitasmo berria, Lauaizetan sortua ere: Radio Polloe irratia. Hau podcast bitartez entzun daiteke. Oraingoz 1. irratsaioa entzun dezakegu esteka honetan.

Plastikatik Radio Polloeren logoa egingo dugu, ea zer sortzen dugun.

Logoaren baldintzak: Lauaizetako irratia hitzak eta Radio Polloe irratia hitzak azaldu behar dira eta digitalki zein eskuz eginda egon, zerbait sintetizatua izan behar du. Hau da, sinplea den irudia izan behar du, kolore batean edo bitan eginda, eta zerbait iradoki behar du...

AUDIOA GRABATZEN. SOINU EHIZTARIA

Ikus-entzunezko hautazkoan hirugarren ariketa erronka daukagu hemen. Etxetik atera gabe luze daramagu eta azken boladan etxetik atera gaitezke ordu esparru batzuetan. Haizea hartu eta kalera irtengo gara eta soinuak grabatuko ditugu mugikorrarekin.
Izenburua jarri eta zerbait zehatza grabatuko dugu, haria jarraituko duen soinuen bilduma. Adibidez, hemen daukazue SOINU EHIZTARIA EITB-n bota zuten programa. Hasieran kazetaria doa treneko hainbat soinu grabatzen. Zuek ere hori egin behar duzue, IZENBURUA ESAN(GRABATU) eta record/pause erabilita erlazioa duten soinu bilduma egin: gosaldu, ibilbide bat egin, ogia erosi...etab. Nahi duzuena. Ea ongi ateratzen den. Epea maiatzaren 24.

                  
                   

2020/04/27

ERRITMOA KONPOSIZIOAN



Erritmoak konposizioan zer garrantzi har dezakeen landuko dugu. Etxean gaude eta balkoitik inoiz baino gehiago begiratzen ari gara. Nola ez ordenagailuko leihotik. Konposizioko elementu batek errepikatzen denean erritmoa sortzen du. Erritmo hau hainbat modukoa izango da: protagonismo handia izango duena, hainbat neurriko errepikapenak, 2 edo 3 elementu ezberdinen errepikapenak etab.


Gure lana 2 argazki eta marrazki 1 egitea izango da. Etxean atera daitezke argazkiak mugikorrarekin edo baimendutako irteeretan kalean. HELBURUA argazki eta marrazki adierazgarriak egitea da, zuen gustukoak direnak, “artistikoak”, zerbait transmititzen dutenak ez badakigu ere zer den...eta ERRITMOA dutenak, konposizioko elementuren bat errepikatzen delako.

Hemen dituzue 3 adibide ERRITMOA ulertzeko; lehenengoan, eraikinetan gertatu ohi den moduan leihoak eta forma ugari errepikatzen dira; bestetik, leiho isolatu honetan, pertsianaren marrak errepikatzen dira; eta azkenik, azken irudi honetan zutabeen arteko espazioak errepikatzen dira irudiari aberastasuna emateko. Ados?

2020/04/26

GERNIKA BONBARDAKETA



Gernikeko (ta beste heinbet herritako) sarraskixe akordetako 15:45ien (Gernike bonbardietan hasi zien orduen) herrixen entzun dan orduko sirena hotsa da hau.

#Gernika, Lauaizeta ikastetxean landu izan dugu gai hau, 2017ko BAKE HARI IZPIAK proiektuan eta garai ilun haiek bizi zituzten agureen istorioak entzuten  azken urteetako lanetan ere:

https://www.youtube.com/channel/UCkdNK-6p_aYFMuIGF32tOEg?view_as=subscriber

2020/04/24

HONDARREKIN MARRAZTEN.


Nork ez du inoiz ketchuparekin 2 begi eta irribarre bat marraztu? Etxean jarraitzen dugun honetan etxeko gauzekin jarraituko dugu plastika garatzen. Kasu honetan marrazki bat egingo dugu. Nola? Gosariarekin mahai gainean geratu ohi diren arrastoekin, kakao hautsarekin, azukrearekin, zerealekin...Bazkarian jandako pureak utzitako hondarrekin egin dezaket marrazki bat platerean? Edo solomo, patata eta tomatearekin jan ondorengo hondarrekin? Interneten badituzue ideiak bilatzeko aukera; adibidez, goi mailako sukaldaritza deituriko platerrak. Piztu irudimena, marraztu platerrean, prest mugikorra eta  argazki bat bidali!