bannerra 1

bannerra 1

2017/10/08

ARTE GARAIKIDEA ULERTZEKO GAKOAK: MARCEL DUCHAMP



1904. urtean #Marcel Duchamp Parisera joan zen bizitzera, 17 urte zituela. Industri-iraultzaren ondorengo urteak ziren; batetik, sortu berriak ziren argazki makina, autoa, zinema, X izpiak…; bestetik, arte joera berriak: Picasso, Braque, Mondrian, Kandinsky… Lehen Mundu Gerra bitarteko etengabeko garai aldakorra eta eferbeszentea zen; Futurismoa, lehenengo Arte mugimendua sortu zen; Kubismoa, surrealismoa eta dadaismoa etorri ziren gero, besteak beste. Montmartre auzoan bizi  zen Duchamp, bizitza bohemioa eginez, artista eta poetaz inguratua. Anai-arrebak artistak ziren ere, eta familian dirua soberan zutenez, artista izateko saiakera egitea lortu zuen.

1915. urtean Duchamp New Yorkera joan zen bizitzera, gerratik ihesi. Estatu Batuetan artezale dirudunen babesa jaso eta artelanak sortzen jarraitu ahal izan zuen. Parisen eta New Yorken sortutako polemikagatik, bere lanak oihartzuna zuen Ameriketan; mugimenduaren prozesua analizatuz eginiko lanarekin,  “Biluzia eskailerak jaisten”. Munduko Gerra hasita zegoen eta Europan Gerraren aurkako mugimendu artistiko nihilista sortu zen: Dadaismoa. Ordurako polemika gutxi izan ez balitz, Duchampek New Yorkeko Arte garaikideko erakusketa erraldoi batean pixa egiteko komun bat aurkeztu zuen, objektu artistiko gisa; eskandalua itzela izanik, Arte kontzeptualaren sorrera izan zen, Arte Modernoaren aitzindaria, Arte Garaikidean eragin gehien izan duen artistaren aurkezpena. #Ready-Made deitu zien testuingurutik kanpo arte-objektu bihurtutako objektuei. Duchampentzat artistaren eskuek ez zuten garrantzirik; bai ordea, artistaren erabakiek. Hausnarketa artistikoa, kritikoa, ironikoa eta umoretsua izan ziren bere artelanetan funtsezkoak.

1919. urtean, gerra amaitu ondoren Parisera itzuli, eta mugimendu dadaistan nabarmendu zen. Horrela, ba, Da Vinciren Giocondaren erreplika hartu, bibotea pintatu eta hizki batzuk jarrita artelan moduan aurkeztu zuen; polemika, berriz; inizialek esanahia zuten, “honek ipurdia bero du”, hain zuzen ere. Artelanetan hitzak eta umorea sartzen bazituen ere, hausnarketa sakoneko Artea jorratu zuen, aurreko Arte irizpide eta sistema hankaz gora jarriz, gaur egun arte bere lanek eta pentsamenduek indar handia mantentzen dutelarik, 100 urte igarota ere. Zalaparta handia sortu zuen Giocondaren lan horrek. Urte honetan ere, Ameriketatik deitu zioten artelan berriak eskatuz, ikusmin handia baitzegoen Duchampen inguruan. Kristalezko anpoila huts bat aurkeztu zuen New Yorken, “Pariseko airea” deiturikoa, Arte kontzeptualaren lanik ospetsuenetakoa. Duchampen fama eta prestigioa punta-puntakoa zen, Artezaleen artean.


1920. urtean garaiko mugimendu feministako “garçonne” itxurarekin, emakumez jantzi zen Duchamp. Argazkiak atera, eta pertsonai berria sortu zuen: Rrose selavy. Hainbat aldizkaritan azaldu zen; polemika, nola ez. Arte akzioa sortu zuen, artelanaren euskarri norberaren gorputza izanik. Man Ray eta Francis Picabia artistekin batera, sortze lanetan jardun zuen. 1925. urtean optika eta mugimenduaren inguruko lanak egin zituen, animazio analitikoak barne; horietako bat, 7 minutuko zinema grabazioa forma mugikorrekin.“Beira handia” izeneko lana bukatutzat eman zuen garai hauetan, urte askotako lanaren ondoren. Hori zela eta, Artea utziko zuela zabaldu zen.

1934 arte xake jokalari moduan aritu zen. Hortik aurrera, Arte lanekin ez zen nabarmenduko. Bigarren Munduko Gerra ondoren Arte gunea New York izan zen, Parisen ordez. Duchamp amerikarra egin zen. Modu diskretuan bizi izan zen, xakera jokatzen, zerbait idazten, hitzaldiak han-hemenka emanez, bere lanen atzera begirakoak eginez…

1968. urtean Frantzian hil zen Marcel Duchamp, XX. mendeko artistarik garrantzitsuenetakoa.