2017/05/11

3DBH HAUTAZKOAK 17-18 IKASTURTERAKO

3DBH mailan Lauaizeta ikastetxean Plastika mintegitik 2 hautazko eskainiko dira 17-18 ikasturterako. Ikasleen nahiak, motibazioak eta Plastika eta Ikusizkoen programazioa kontuan izanik, DISEINUA eta ANIMAZIOA-BIDEO JOKOAK jorratuko ditugu.


Diseinuan, irudien sormena, edizioa eta muntaketa digitala egingo dugu, irudigintza analogikoa eta, batez ere, irudigintza digitala landuz. Ikaslearen sormena, talde lanerako jarrera, autonomia eta ardura landuko ditugu. Hauekin batera, kolorearen teoriaren aplikazioak landuko dira, hizkuntza plastikoak, testurak, konposizioa eta adierazpena. Baita ere: kartelgintza, katalogoak, objektuak, espazioak, logotipoak,..

Lauaizetan urteak daramatzagu software librea erabiliz eta eskerrak luzatu nahi dizkiogu hemendik software librea garatzen eta zabaltzen duen komunitateari. Diseinua lantzerakoan #Linux #Ubuntu izango da sistema eragilea eta irudien bit mapak eta #Gif animatuak lantzeko #Gimp irudi-editorea. Irudi bektorialak lantzeko eta maketazioak egiteko #Inkscape. Testuak prestatzeko #Libreoffice. Marrazketa teknikorako #Librecad. Objektuak 3D moduan diseinatzeko eta espazioak diseinatzeko #Blender. Bideoak #Openshot programarekin editatuko ditugu eta audioa #Audacityrekin. Programa geihago ere erabiliko ditugu, baina hauek dira garrantzitsuenak.

Animazio-Bideo Jokoak hautazko berria da. Bertan landutako gaitasunak eta prozedurak Plastika ikasgaian landu izan ditugu, eta balorazio positiboa egin ondoren, hautazkoan buru-belarri lantzeko eskaintza luzatu nahi dugu.
Animazioa eta bideo jokoak erlazionaturik daude arlo askotan. Gure kasuan Bideo jokoak atalean JOKOAK sortuko ditugu, animazioa ezinbestekoa izanik. Animazio atalean, animazioek kutsu artistikoa izan behar dute, ANIMAZIOA bere baitan izango da helburua.
Software librea erabiliko dugu Bideo Jokoa sortzeko eta muga bakarrak irudimena, lan kopurua eta ordenagailuen indarra izango dira.

2D moduan #Scratch programa ezaguna erabiliko dugu bideo jokoa sortzeko eta ikasleak plastikako atal hauek landuko ditu: pertsonaien marrazkiak, eszenak, objektuak eta abar. #Gimp eta #inkscape erabiliz, 2D animazioak sortuko ditugu #istorioak kontatzeko, #GIF artxibo moduan.

3D moduan #Blender erabiliko dugu animazio eta bideo jokoak sortzeko. Eszenen sorrera, mendiak, sua, haizea, leherketak, grabitate indarra, marruskadura, argiztapena, pertsonaien mugimenduak, abiadura aldaketa,...Blender programarekin batera, bideo jokoak egiteko beste moduak ikertuko ditugu: Unity 3D, PS, Unreal, eta abar, bai PC ordenagailuetan zein android mugikorretan aplikatzeko.


iruzkinik ez: