100 Hitz literatura lehiaketako epaimahaikideek, Iratxe Retolazak eta Xabier Etxanizek, erabaki dute Eider Sanchez eta Ane Artetxe direla 2014 urteko irabazleak.
GURE ARTEKO LEIHOA
Ni naiz. Ezagutzen nauzu, baina ez duzu inoiz nigan pentsatzen. Egunero ikusten nauzu, baina ez dakizu zergatik nagoen hor. Zure ahizpa naiz. Leihoaren atzekoa. Berdin-berdinak gara. Berdin pentsatzen eta jokatzen dugu, leihoaren atzean arauak daudelako. Zuk besoa luzatzean, nik berdina egiten dut. Horregatik ez duzu nigan sinesten. Horregatik uste duzu, ni zu naizela, eta gure artean pareta bat dagoela. Inoiz ez duzu imajinatu ukitzen duzuna ni naizenik. Baina arau garrantzitsuena, inolaz ere leihoa ez zeharkatzea da. Hala ere, arau-hausteak existitzen dira. Irtetea amesten dut, eta gure arteko leihoa gurutzatzea. Zuk ispilu deitzen duzun leihoa gurutzatu nahi dut.
ALA HANDIA DA
Gogogabetuta ikusten ditut denak, triste. Nire aurretik, gutxienez, 100 pertsona izango ditut, eta atzetik 1000 baino gehiago, seguru. Munduan goserik ez balego… jaten duguna ez da asko, baina eskertzekoa da. Gaur ere arroza. Arreba txikiari emango diot erdia, amak nahikoa lan dauka jaioberriarekin.
Ez dakit eskolara garaiz iritsiko naizen, bidea bost kilometrokoa baita, eta arriskutsua. Gaur zenbakiak desberdintzen ikasi dugu, Abdulai maisua oso jatorra da, basokada bat esne ematen digu eta gaur boligrafo gorria utzi dit.
Kanpalekuan denak lo daude. Izarrak oso argi ikusten dira gaur ere. Biharkoak, bihar. Ala handia da. Nola biziko dira han urrunean?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina