bannerra 1

bannerra 1

2014/10/28

EUSKAL MIKOLOGIA 2: PRODUKZIOA AREAGOTZEN!

Perretxikoen ikerketa, marrazketa eta publikazioaren ondoren, maila bakoitzean jarraitu dugu hauen lanketan. 

                 

2DBH Plastikan, esaterako, koloretako arkatzez eginiko marrazkien ostean, talde lanean neurri handiko bolumenak egituratzen hasi gara, onddo forma eman arte. Bukatutakoan, Lauaizeta ikastetxe inguruko zelaietan jarriko ditugu, elurra egin arte. Aurtengo neguan, esaten dutenez, “ezkur asko elur asko”.


3DBH Diseinuan, berriz, 3D diseinuan egindako onddoak Blenderren, koloreztatu ditugu. Testurak sartzerakoan, arazo teknikoak izan ditugu, ordenagailuen txartel grafikoak eta prozesadorean indarra ez baitira nahiko, lan hauetan eroso aritzeko. Hala ere, moldatu gara.

                             


Azkenik, 4DBH Plastikan, 10 perretxiko ospetsuenen marrazki bektorialak egin ditugu Inkscape erabiliz. Ez daude guztiak erakusteko prest, zuzenketa txikiak, izena erantsi, etab. Bukatuta daudenean, guztiak batera publikatuko ditugu BLOG honetan, eta ikusgai ere izango dira IKASLEEN LANAK atalean, picasaweb edo googleplusean.




2014/10/26

EUSKAL MIKOLOGIA: UDAZKENEKO LOREAK


Udazkenean, gure inguruan gerta ohi diren bi fenomeno landuko ditugu programazioan txertatuta. Batetik, udazkeneko loreak deituriko mundu mikologikoa: perretxiko edo onddoak. Bestetik, Donostiako Fantasia eta beldurrezko zinemaldia.
Perretxikoak lantzeko garaian, helburua argi izan behar dugu. Helburua, programazioan azaltzen den ikusizkoen hezkuntzan garatze mailan, behaketa, marrazketa eskuz zein digitalki, gure ondare kulturalaz jabetzea eta adierazteko gaitasuna aberastea da.
Belaunaldiz belaunaldi bizitako ohitura zahar hau, perretxikoak biltzearena, gure basoetako paisai zoragarrian aurki daitezke txoko ezkutuetan. Naturarekin bat gozatuz biltzen diren onddoak kultura zaharra da. Arlo zientifiko, artistiko eta gastronomikoetatik zor zaio interesa. Naturak erakusten digun perretxikoen munduan ez da onik eta txarrik. Denak izaki, batzuk jan daitezke eta besteak arriskutsuak dira osasunarentzat (heriotza tarteko). Hona hemen ezagunenak:



* Perretxiko jangarriak:

- Onddo beltza (Boletus aereus)
- Zizahoria (Cantharellus cibarius)
- Susa edo udaberriko ziza (Calocybe gambosa)
- Gibelurdina (Russula virescens)
- Urretxa (Russula cyanoxantha)- Galanperna (Macrolepiota procera)
- Kuletoa (Amanita caesarea)


* Perretxiko jangaitzak:

- Hiltzaile berdea (Amanita phalloides)
- Kuleto faltsua (Amanita muscaria)
- Satan perretxikoa (Boletus satanas)
- Galanperna hiltzailea (Lepiota helveola)

- Hiltzaile goiztiarra (Amanita verna)

2DBH PLASTIKAN arkatzezko kolorez egindako perretxiko hautatuak hemen:





3DBH DISEINUAN EGITEN ARI GARENAREN LAGINAK JARRAIAN...



Ondoko bideoan, hasierako fasea nola egin azaltzen du. Bilaketa, argazkiaz baliatuz marrazki bektoriala, 3D marraztu edo eraiki. Azpitituluak nahi izanez gero, klikatu botoian(azpitituluak).

Azken fasean, koloreztatu eta testurak sartuko ditugu. Animatuko dugu bideoan onddoaren ezaugarriak hobeto azaltzeko.


2014/10/09

INTXAURRONDO AUZOA ANIZTASUNA LANTZEN: GURE ETXEA


"Intxaurrondo izugarri hazi da azken urteetan, jatorri desberdinetako pertsona askok aurkitu dugu etxea bertan, eta horrek erabat eraldatu du auzoa". 


 
Horrela hasten da urrian Intxaurrondoko auzoan egingo den aniztasunari buruzko egitasmoa. #Gure etxea egitasmoa, #Janintx. #Plazara goaz auzoko elkarteak bultzatzen du egitasmo hau ere. Lauaizetatik, auzoko eragile ere, parte hartu dugu bertan. Informazio gehiago eskuratzeko jo ezazue Plazara Goazek daukan webgunera.




Erakusketaren argazkiak ikusteko klikatu hemen

2014/10/06

LABIRINTOA 3D ETA 2D KONPOSIZIOA. 3DBH PLASTIKA



3DBH Plastikan 2 ariketa egingo ditugu jarraian. Batetik, 3D landuz labirintoan oinarrituta dagoen edozein konposizio geometrikoa, argiluna aplikatuz lortuko dena. Zuloa bada ilunago, goiko aldea beheko aldea baino argiago, estuak diren guneak ilunago, etab. Horretan laguntzeko Blender programarekin ikusiko ditugu ikuspuntu ezberdinak eta gorputz geometriko zein espazioaren trataera, bistak klik batean aldatuz eta 3Dko orbita bisuala erabiliz. Behin ulertua, tintaz edo boligrafoz marraztuko dugu A4 formatuan.


2Dko marrazkia egiteko Inkscape erabiliko dugu, zuri beltzean eta 4 baldintza bete beharko ditu konposizioak: tentsio gunea, ordenaren gunea, sakonera gunea eta forma geometriko nagusietako bat azaltzea modu diskretuan, erdi izkutaturik.








2014/10/01

ARTE GARAIKIDEA ULERTZEN. 4DBH PLASTIKA


Arte garaikidea ulertzeko ikasi egin behar da. Belaunaldiz belaunaldi, gizarte ezberdinek bere artea egin dute. Iraultzak eman zirelako, gerrak gertatu zirelako, balore krisiak, erlijioak, giza eskubideak, ekonomia, industri iraultza, eta abar faktore medio.
Arte garaikideak adierazteko hizkuntza plastiko geroz eta konplexuagoak erabili izan ohi ditu. Hizkuntza horren kodeak askatu egin behar dira. 4DBH Plastika arloan, Arte garaikidea, abangoardiak ulertzen hasi gara.
Ikasle bakoitzari Arte mugimendu zein artegile bat tokatu zaio eta irudia, garaia eta azalpen artistikoa erantsiko dio.



Errazago ulertzeko Confucioren esaldi famatua gogoratuz...”egiten badut ikasiko dut”. Digitalki irudiak eraldatu eta pintzelaz marrazteko Gimp software librea erabili dugu Dripping digitala egiteko, Pollocken lana interpretatuz, 1950eko Expresionismo Abstraktua ikertuz. 

 
Ondoren, bere aurrekarietakoa den Errusiar Iraultza Boltxebikean sortu zen Arte aurrerakoi eta kontzeptuala ikusi dugu, ezagutu: Suprematismoa bultzatu zuen Kasimir Malevitchen “Karratu zuria fondo zuriaren gain” marrazkia egin dugu digitalki, irudi bektorialen editorea den Inkscape software librearekin. *Bideoa desagertu da. Berria jarri bitartean ikusi Giokondaren gif animatua (J. Oncala).



2014/09/30

3DBH: ARGAZKIGINTZA DIGITALA

Intxaurrondo auzoko #JANINTX egitasmoan parte hartuko dugu, urriak 9-30eko erakusketan, 3DBHkoekin ere. Kasu honetan, Donostiako 3 garai irudikatu ditugu, Lauaizeta inguru menditsu hauetan. Nolakoa zen mendi hauetako argazki zaharra, baserriz bakarrik inguratua. Nolakoa zen 70eko garaian? Pop eta Frankismoa? Seiscientos autoa etab? Nolakoa da gaur egun?

3DBH mailan astero saio bat dugunez, askatasun handiz eta presaka sortu ditugu irudiak, freskotasuna bilatuz, beldurrik gabe teknikak erabiliz eta dokumentatzeko ordenagailuak eta internet erabiliz.






Saioak osatzeko etxeko lan parea egin beharko ditu ikasle bakoitzak. Batetik mugikorrarekin 3 argazki atera eta posta honetara bidali beharko ditu mikelplastika@gmail.com

  • KOLORE BIZIAK.
  • KURBA.
  • ESPAZIO ILUNEAN ARGIA SARTU DA.

Emakume edo gizonezkoa aukeratu, Donostiako aurtengo 62 Zinemaldian izan dena eta orri laurden batean, boligrafoz marraztu ( 45 minutuko marrazkia gehienez). Bilatu behar dena, ilearen testura, argia eta itzala, begiradaren adierazpena galdu gabe. Mugikorrarekin argazki originala eta marrazkia bidali.

Epea: urriak 31.

2014/09/27

ZIRKULU KROMATIKOA. KOLOREA.



Argiluna landu dugu arkatzez, boligrafoz eta azkenik akuarelaz, 2DBH plastikan. Argiluna landu ondoren eta kolorea beti lan guztietan presente dagoenez, KOLOREAREN SAILKAPENAK ETA TEORIA landuko dugu, ZIRKULU KROMATIKOA eginez.



Bai Gimpen eta bai Inkscapen milioika kolore klik batera.


Kolore gurpila saguarekin mugitu eta koloreak bilatu.


Koloreak zurira eta beltzera eralda daitezke.


Gama kromatiko guztia. Ñabardura, saturazio eta argitasuna kontuan izanik.


Ikasleak jolasean kolorearen teoriaren kontzeptuak beregana ditzake. Armonia eta kontrastea kolore argitasunaren arabera, eta baita ere, kolorearen tenperatuararen arabera, kolore hotzak eta beroak konbinatuz.


Kolore nagusietatik bigarren mailako eta hirugarren mailako koloreak lortzeko ehunekoak erabil daitezke.


Software librea eta oso indartsua, aurrerakoia, euskaraz dagoena. Argi koloreak zein pigmentu koloreak bereiztuz(CMYK). 





IKT baliabideak informazioa azkar eta modu dinamikoan partekatzeko aukera ematen du. Internet liburutegi digital zabala eta irekia.


Kolorearen teoria ikastea nahiko atsegina da ikasleentzat eta erraz barneratzen dute. Zirkulu kromatikoa egitea atsegina gertatzen zaie. Blog sarrera honetan, zirkulu kromatikoa nola egin azaltzen saiatuko gara, IKT baliabideak aplikatuz eta ikaslearengan aukera guztiak irekiz: paperean gauzatutako zirkulu kromatikoa egingo dugu, pigmentu kolore moduan. Horretarako ikasleak tenpera, koloretako arkatzak, akuarela eta aldizkariekin collage teknikak aukera ditzake. Baina, lehenago ikasleak kolorearen teoria nagusia bilatuko du wikipediara edo beste webgunetara joz. Behin teoria irakurrita Gimp eta Inkscape programak erabiliz, modu digitalean, kolorearen sailkapena eta nahasketa ezberdinak ikertuko ditu, klik pare bat eginez, kolore gurpilak begiratuz. Dena argi eta garbi ulertutakoan, musika ona jarri eta eskuz pintatzera...


Hurrengo bideoaren azpitituluak euskara, gaztelera eta inglesa hizkuntzetan aukera daiteke.



2014/09/24

JANINTX EGITASMOA 4DBH PLASTIKA: ABSTRAKZIOA




Janintx Egitasmoaren inguruan egingo den erakusketarako, 4DBH Plastika A taldeak zera aurkeztuko du. Pintura abstraktua ANIZTASUNA gaia hartu ondoren. Irakaslea eta ikasleak elkarturik abstrakzioa lantzen hasi gara. Neoplastizismoa eta figuratibismotik abstrakziora bidean Mondrianek eginiko garapena, Google Images erabiliz. Lan hau bakoitzak bere blogean azalduko du laster. Jackson Pollock, Malevitch eta MarkRothko ere landuko ditugu abstrakzioaren kodeak ulertzen errazteko, eta bitartez, Arte Garaikidearenak.


Konkretuki, aurrean dugun lan honetan, talde lana baloratu dugu. Teknika oso erraza da, hau da, ikasle bakoitzak kolore bat prestatu du eta denok batera laukiak pintatzen joan gara, lurrean jarritako arbel digitalaren kartoizko kaxa erraldoian, 2mX1,35m. Ideia nabarmendu nahi genuen, aniztasunaren ideia, Intxaurrondo auzoan. Zergatik irudi hau aurrerago esango dugu: artelanak bakarrik adierazi dezan nahi bait dugu, testu azalpenik gabe, oraingoz.



Abstrakzioaren lanarekin jarraituz, Neoplastizismoarekin hasita, artelan abstraktura arte Mondrian sortzaileak eginiko ibilbide plastikoa azalduko du ikasle bakoitzak bere blogean. Irudi eta hitzak erabiliz. Nola, pausuz pausu, iritsi zen kolore nagusietako konposizio geometriko sinpleak egitera? Garrantzitsua ote da esanahi narratiboak duen arte proposamena?  Errepresentazio funtzioa gal dezake arte proposamen jakin batek?

Zuhaitza al da karratuez osatutako konposizioa? 







2014/09/22

JANINTX EGITASMOA: ERAKUSKETA INTXAURRONDOKO KULTUR ETXEAN


Janintx Egitasmorako proiektu bateratua, erakusketan islatuko dena, garatzen gabiltza. Maila eta arlo ezberdinetan banatuta, 2DBH Plastikan, talde bakoitzak 2 irudi erraldoi marraztuko ditu ideia honen inguruan: 1920, 1960, 1990 eta 2014 urtetako orrazkera eta itxurak Donostialdean. Horretarako, formatu handia, tenpera teknika eta internetetik ateratako irudiez baliatuko gara: adibidez, aitona eta amonaren argazki zaharrak, garaiko zinemako aktoreak, Marlene Dietrich, edo Modigliani italiarraren artelanak,...


2014/09/19

ZINEMALDIA ETA 3DBH DISEINUA: DISEINU GRAFIKOA


Hasi gara egurrean 1415 ikasturtea. Bertsolariak eta Hitchcock bezala, gogor hasi eta gogorrago amaitu. 3 DBH Diseinuan aritu gara 3D lantzen espazio ontziak diseinatuz. Jarraipena aurrerago emango diogu. Donostiako Zinemaldia hastera doanez, zinema, telebista eta interneteko pertsonaiak aukeratu eta grafikoki aurkezpen irudi grafiko bat egin dugu, karikatura aitzakiatzat hartuz. Ondoren, film bat aukeratu eta bere EUSKARAZKO bertsioa liburu formatuan editatuko dugu.



2014/09/06

4DBH PLASTIKA: IKASTURTE HASIERA


14-15 ikasturtea hastera doa eta blog honetan publikatuko dut, mailaka eta gaika, ikasturte osoan landuko dugunaren laburpena, eta 1. ebaluazioan egingo ditugun ariketa nagusiak, dagozkien puntuazioarekin. Hemen daukazue 4. dbh-ko Plastika A taldean egingo duguna.